Gaurkoa ere, Palestinaren aldeko greba-eguna izaten ari da Euskal Herriko hezkuntzan. Ikasleek goizean goizetik zabaldu dute estatu sionista suntsitzeko aldarria: hainbat campusetan eta herritan egin dituzte blokeatzeak, bide-mozketak eta bestelako protesta-ekintzak. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Leioako campusera Ertzaintza sartu da, mobilizatzera deitzen ari ziren ikasleei jazartzeko, eta polizia-indarrek hainbat ikastetxetan identifikatu dituzte ikasleak.
Eguerdian, eta urriaren 2ko greba masibotik bi aste eskasera, manifestazio jendetsuak egin ditu Ikasle Abertzaleakek (IA) Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Israel suntsitu! Palestinar erresistentzia aurrera! lelopean. 11:30ean hasi da Gasteizko manifestazioa, El Caminantetik, eta 12:00etan izan dira gainerako mobilizazioak; Bilboko Eliptikatik, Donostiako Bulebarretik eta Iruñeko udaletxe aurretik abiatuta, hain zuzen.
Iruñeko ikasleen manifestazioak bat egin du Palestinarekin Elkartasuna plataformaren deialdiarekin, bloke propio bat osatu baitu hiriburuko mobilizazioen barruan, 12:00etan Antoniuttin bildu ondoren. Espainiako Poliziak manifestarien aurka kargatu du, Burger Kingen aurka egindako seinalatze baten harira jendearengana hurbildu ostean.
Estatu sionistaren eta bere konplizeen kontra
Eguerdiko manifestazioen amaieran, IAk gogorarazi du "Euskal Herri osoko ikastetxeak hustu eta kaleak hartu" dituztela ikasleek gaurkoan ere, "Israelen suntsipena aldarrikatzeko eta palestinar erresistentziari gure babesa adierazteko". "70.000 hildakotik gora, beste horrenbeste gosez hiltzen, Gaza guztiz suntsituta eta milaka eta milaka euren lurretatik ihesi. Horrela amaitu dute palestinarrek eta horixe da Israel; estatu terrorista, genozida eta sionista bat, eta ez izan zalantzarik aukera duen bakoitzean errepikatuko dituela sarraskiak", ohartarazi du ikasle-antolakundeak. Azaldu du horrexegatik eskatzen duela Israelen suntsipena, eta horregatik salatzen dituela "Israel zuritzen duten konplize guztiak".
Azken berriei erreparatuta, IAk seinalatu du Trumpen eta Netanyahuren planak "baketik ezer ez" duela: "Gazaren okupazioa burutzeko eta genozidioan sakontzeko plan bat da, palestinarrak kontzentrazio-esparruetara bidali eta Gazan hotelak eraikiko baitituzte enpresariak aberasteko". Horregatik nabarmendu du, oraindik ere, ezinbestekoa dela Palestinaren askatasunaren alde mobilizatzea: "Plan hau ezin da besoak gurutzatuta gelditzeko aitzakia bat izan, Israelen boikota sustatzen eta palestinar erresistentzia babesten jarraitu behar dugu".
Horiek horrela, "Mendebaldeko agintarien hipokrisia nazkagarria" salatu dute IAko kideek. Izan ere, "Estatu Batuen plana babesten dute, genozidioa zuritzen duen plana babesten dute, eta, gainera, Israelekin dituzten harreman komertzial, instituzional eta militarrak mantendu egiten dituzte".
Palestinako erresistentziaren alde
IAren esanetan, "Palestinak bizirautea nahi baldin badugu, Israelen suntsipena aldarrikatu behar dugu". Eta, horri lotuta, palestinar erresistentziaren eginkizuna aldarrikatu du: "Palestinar herria guztiz desagertu ez bada, hori zuengatik izan da; milaka palestinarrek estatu sionistaren aurka egin duzuen borrokagatik izan da".
Hortaz, beharrezkotzat jo du hura babesten eta Palestinaren alde lanean jarraitzea: "Jarrai dezagun Israelen aurkako boikota sustatzen; jarrai dezagun EAJ, CAF, EHU, BBVA eta Israelen konplize zikin guztiak seinalatzen, eta jarrai dezagun Israel suntsitu arte borrokatzen".