AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/01/27 09:41

Egutegian gorriz markatutako eguna zen gaurkoa, eta hala ikusi da Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa). Gazte Koordinadora Sozialistak egindako deiarekin bat eginez, 7.000 lagun inguruk hartu dituzte karrikak bi hiriburuetan. Aldarria argia izan da: politikari profesionalen eta enpresari handien ofentsiba ekonomikoaren eta politikoaren aurka atera dira kalera, eta estatu sozialista aldarrikatu dute horren guztiaren aterabide bakar modura.

"Azken urteetako bizi kalitatearen okerragotzea eta eskubideen ezabapenak salatzera atera gara gaur kalera", adierazi dute manifestazioen amaieran GKSko kideek. Mobilizazioen bidez, batetik, mezu argi bat helarazi nahi izan diete "bankariei, enpresari handiei eta politikari profesionalei": "Zuek zarete askatasunez bizi ahal izateko oztoporik handiena, eta zuen eraginetik kanpo mobilizatu eta antolatuko gara".

Bestetik, baina, "Euskal Herriko zein gainontzeko lurraldeetako gazte eta langile sektoreei" ere zuzendu dira, ozen: "Geure artean esperantza piztu eta antolatu egin behar gara, zapalkuntzarik gabeko gizarte bat posible delako eta horren alde borroka egin behar dugulako".

Ofentsiba kapitalistaren aurpegiak

Mobilizazioetara deitzeko kanpaina osoan zehar egin bezala, "krisiaren aurpegi ekonomikoa eta politikoa" seinalatu dituzte gaurkoan GKSko kideek. "Gazteriaren artean langabezia kronikoa, aldi baterako lanak eta soldata baxuak nagusitzen dira. Bizitza ere erabat garestitu da azkenaldian: oinarrizko produktuak, argindarra, errepideetako bidesariak, gasolina... Krisiaren aurpegi ekonomikoa da hori", azaldu dute.

Salatu dute, dena den, "politikari profesionalen funtzioa" ez dela "pobreziaren gorakada horri aurre egitea"; "alderantziz, eskubideak ezabatu dizkigute behin eta berriro. Pobrezian zein askatasun faltan oinarritutako bizi eredura eraman nahi gaituzte". Pandemia garaian politikari profesionalek ezarritako neurri autoritarioak ere izan dituzte gogoan: "Oinarrizko eskubideen ezabapena, etxeratze agindua, konfinamendu perimetralak, kontrol sozialerako kameren ezarpena, Covid ziurtagiria, gazte kriminalizazioa, jazarpen poliziala, osasun zerbitzuen murrizketak", eta abar. Horri guztiari egiten diote erreferentzia, hain zuzen, "krisiaren aurpegi politikoa" seinalatzean.

"Hitz gutxitan esanda: ofentsiba ekonomikoa eta politikoa bizi dugu. Eta norabide horretan jarraituko dutela dirudi. Izan ere, lan-erreforma berriaren eta Europar Funtsen bitartez, lan baldintza prekarioak normalizatu eta politika autoritarioak egonkortuko dituzte", azpimarratu du GKSk.

Politikari profesionalen fartsatik kanpo antolatzeko deia

"Bankarien eta enpresari handien boterea gero eta handiagoa da. Baina, nork egingo die aurre inbertsio funtsei, korporazio handiei, farmazeutikei eta bestelako enpresari handiei?", galdegin dute GKSko kideek. Hala, azaldu dute parlamentuko alderdi politikoek ez dutela gaitasunik "errealitate horri aurre egiteko": "Kontrara, beraien aginduak betetzen dituzte politika publikoak euren diruaren menpeko direlako eta, aldi berean, horrekin euren poltsikoak betetzen dituztelako".

"Beraiengandik aparte egongo den alternatiba baten beharra daukagu, estatu sozialistaren norabidean lan egingo duena", laburbildu du GKSk. Nabarmendu du "klaserik gabeko gizartea, zapalkuntza mota guztien gaindipena eta askatasun politikoa" izan behar direla helburutzat, eta zentzu horretan egin behar direla "aldarrikapenak eta mobilizazioak"; "hori delako guztion arazoen soluzio bakarra".

Aldaketa, prozesu gisara

"Gaur egun norbere arazoak norberarenak bakarrik balira bezala sufritzen baditugu ere, arazo horien aurkako borrokak dimentsio kolektiboa hartu behar du, eta guztion askatasunen aldeko borroka bezala planteatu behar ditugu, gure arteko elkartasuna sendotuz", adierazi du GKSk gaurko mintzaldien bukaeran.

"Badakigu manifestazio batek bakarrik ezin duela errealitatea aldatu", argitu du: "Are gehiago, errealitatearen aldaketa prozesu bezala ulertu behar dugu, eta prozesu horretan garrantzitsua da mobilizazio jendetsuak egitea eta gero eta lurralde gehiagotara hedatzea. Gaurko manifestazioak ekarpen bat izan daitezela norabide horretan".

Horri lotuta, beharrezkotzat jo du "gure indarrak estatu sozialistaren eraikuntzara bideratzea", "bestela, era batera edo bestera, gizarte kapitalistak gure aldarrikapenak irentsiko dituelako". "Gizarte kapitalistak munduko lurralde askotan askotariko arazoak eta miseriak sortzen ditu eta lurralde horietan guztietan sozialismoaren aldeko mugimenduak sortzera igaro behar gara, eremu txiki batetik bakarrik ezin zaiolako gizarte globalizatu bati aurre egin", gaineratu dute GKSko kideek: "Lan handia daukagu egiteko aurretik".

Identifikazioak eta atxikitzeak

Iruñean, amaierako ekitaldirako prestaketa lanetan ari ziren hainbat pertsona identifikatu ditu Espainiako Poliziak. Materiala miatzen aritu dira polizia-agenteak, eta zenbait material eraman dituzte.

Bestalde, Iruñera bidean ziren hainbat autobus geratu dituzte polizia-indarrek; besteak beste, Lizarraldetik, Sakanatik eta Ipar Euskal Herritik zihoazenak.

Manifestazioen zuzeneko jarraipena egin du GEDAR LANGILE KAZETAk, Twitterren. Ikusi hemen Twitterreko haria, osorik

Hemen, laburpen bideoa:



EZ DAGO IRUZKINIK