AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/10/08 00:36

Milatik gora gazterentzat Altsasuko (Nafarroa) Gazte Topagune Sozialistan argitu du egunak gaurkoan. Gosaldu ostean, eguneko saiorik indartsuenari ekin diote: Krisi kapitalista eta estrategia sozialista berriaren oinarriak hitzaldia izan da Gune Nagusian, bi zatitan banatuta.

Goraino bete da gunea. Hizlariek mahaira atera dituzte krisi kapitalista kokatzeko hainbat gako, baita Mugimendu Sozialistaren garapenaren eta jardun politikoaren inguruko zenbait giltzarri ere; besteak beste, azpimarra eginda klase borroka kulturalari.

Bazkaltzeko tartea izan da gero, eta indarrak hartu ostean, herrialde arteko Olinpiadei eman diete hasiera. Herriko hainbat gunetan aritu dira ehunka gazte; hala nola, futbolean, musean, herri kiroletan, saskibaloian, eskaladan zein boleibolean. 22:45ean izango da Olinpiadetako sari banaketa, Gune Nagusian.

Bestalde, gaur ere musika emanaldiz bete dute Sutegia arratsaldetik hasita. 16:30ean hasi dira kontzertuak Raimundo el Canastero taldearen eskutik, eta atzetik jarraitu eta jarraituko diote Saguzarrek, Pettik eta Hegazkinek. Egunean zehar, gainera, GEDAR LANGILE KAZETAren Arteka aldizkariaren erakusketa izan da Sutegian bertan.

Gune horretako kontzertuez gain, beste ekitaldi berezi bat antolatu dute gauerako: Ez du gureak egingo. Bertso zaharrak eta berriak gaurkoari atzo jarriak bertso-ikuskizuna izango da Gune Nagusian, 23:00etan.

Bihar ere hausnarketa politikoa, kirol ikuskizunak eta kontzertuak

Topagunearen hirugarren eguna izango da biharkoa, eta gaurkoan bezala, hitzaldiekin hasiko dute eguna. Hiru lekutan egingo dituzte saioak 10:00etan, aldi berean: Gune Nagusian Zapalkuntzei aurre egiteko metodologiaz hitzaldia izango da, Zelandi frontoian Borroka ekonomikoa ikuspegi sozialistatik aztertuz, eta Iortian Askatasun politikoen aldeko borrokaren garrantzia. 12:00etan, aldiz, Euskal Herriko testuinguru politikoa aztergai mahai-ingurua egingo dute Gune Nagusian.

Arratsaldean eta gauean, bestalde, kirol ikuskizunak eta musika emanaldiak izango dira hainbat gunetan. 17:00etan hasiko da pilota ikuskizuna Burunda frontoian, eta ordu eta erdi beranduago ekingo diote pala ikuskizunari leku berdinean. Horretaz gain, herri kirol ikuskizuna eskainiko dute 17:00etan Zumalakarregi plazan. Gauerako K1, kick boxing eta boxeo ikuskizunak antolatu dituzte; Gune Nagusian izango dira.

Sutegiari dagokionez, musika emanaldietarako plaza bihurtuko dute beste egun batez. 17:00etan hasiko dira kontzertuak: Bongo Hu Selektah, Bassagain Soinu Sistema eta Desgaraian arituko dira gauerdira arte.

- Ikusi hemen urriaren 8ko kronika eta argazki galeria

EZ DAGO IRUZKINIK