Berriki jakinarazi dutenez, 80ko hamarkadan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eraikitako babes ofizialeko etxebizitzak merkaturatzeko aukera izango da aurrerantzean. Hortaz, merkatu librean saldu ahalko dira orain dela 20-30 urte diru publikoa erabilita egin ziren etxeak, hortik negozioa egiteko; antza, 10.723 etxe inguru dira.
80ko hamarkadan erosi zituzten etxe horiek erosleek, eta 20-30 urtera jabetza haiena izateko aukera zegoen irekita. Hala gertatuko da orain, eta merkatura eraman ahal izango dituzte haien jabetzak aipatutako erosleek. Babes legalarekin egingo dute hori, legezkoa baita garai hartan eraikitako babes ofizialeko etxebizitzak, gerora, norbanakoek merkatu librean saltzea.
Une honetan, berez, debekatuta dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan babes ofizialeko etxebizitzak merkatu librera igarotzea. Eusko Jaurlaritzak 2003an onartu zuen handik aurrera egindako babes ofizialeko etxebizitzei debeku hori jartzea.