Amaitzen ari da otsaila, eta, aurten ere, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunari begira jarri dira jada Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialista eta ikasle mugimendua. Deialdi zehatzen berri pixkanaka ematen joango bada ere, Itaiak aurreratu du jada Euskal Herriko 24 herritan egingo dituela manifestazioak eta elkarretaratzeak Martxoaren 8an. "Emakume langileon zapalkuntzarekin amaitzeko oinarriak jarriko dituen gizarte sozialista eraikitzeko norabidean, mobilizatzeko eta kaleak hartzeko deia egiten dugu", adierazi du Itaiak.
Emakume langileok borrokara! Sozialismoa eraiki lelopean, ondoko herrietan egingo ditu mobilizazio-deialdiak Martxoaren 8rako: Bilbon (Bizkaia), Portugaleten (Bizkaia), Basaurin (Bizkaia), Gernikan (Bizkaia), Durangon (Bizkaia), Mutrikun (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa), Azkoitian (Gipuzkoa), Zestoan (Gipuzkoa), Bergaran (Gipuzkoa), Irunen (Gipuzkoa), Zarautzen (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa), Hernanin (Gipuzkoa), Urnietan (Gipuzkoa), Beasainen (Gipuzkoa), Baionan (Lapurdi), Gasteizen (Araba), Lizarran (Nafarroa), Garesen (Nafarroa), Altsasun (Nafarroa), Lakuntzan (Nafarroa) eta Iruñean (Nafarroa).
Ikasle Abertzaleak antolakundeak, bestalde, ia 60 ikastetxetan egingo ditu elkarretaratzeak Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean. "Erasorik gabeko heziguneen alde" mobilizatuko dira ikasleak, eta "emakume langileak borrokara batzeko" deia zabalduko dute eskoletan. IAk argitu du jada zein ikastetxetan izango diren kontzentrazioak.