AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/04/15 21:41

Gero eta gutxiago geratzen da aurtengo Langileon Nazioarteko Egunerako, eta horren harira, Kontseilu Sozialistek hainbat dinamika jarri dituzte martxan tokian toki. Hain zuzen, jardunaldiak antolatu dituzte Urola Kostako (Gipuzkoa), Tolosaldeko (Gipuzkoa), Lizarraldeko (Nafarroa), Goierriko (Gipuzkoa), Donostiako (Gipuzkoa) nahiz Bilboko (Bizkaia) Kontseilu Sozialistetako kideek.

Tolosaldean eta Goierrin aste honetan aurkeztu dituzte jardunaldiak, prentsaurreko bidez. Kontseilu Sozialista Tolosaldeak M1 sozialismoaren aldarria berreskuratu izenpean prestatu du egitaraua, eta "azken hamarkadetan isildua izan den sozialismoaren aldarria berrartzeak duen garrantzia nabarmendu" du. Tolosan dinamika aurkeztu eta gero, hiru saio egingo dituzte apirilaren 30era bitartean. "Erreformismoari kritika", "lan-gatazkak eta elkartasuna antolatzeko beharra" eta Parisko Komuna izango dituzte aztergai, besteak beste.

Kontseilu Sozialista Lizarraldeak, aldiz, bi hitzordu jarri ditu eskualdean: apirilaren 24an "oinarrizko beharrizanen defentsa eta sozialismoa" landuko dituzte Lizarran, eta maiatzaren 8an Capitalismo actual: tendencia y propuesta política hitzaldia egingo dute.

Kontseilu Sozialista Goierrik Krisi garaian, gure hautua sozialismoa hartu du lelo jardunaldietarako. Bihar aurkeztuko dute ekimena Ordizian, Zumarragan eta Legazpin. Ondoren, hiru hitzaldi izango dira apirilaren 27tik 30era bitartean, eta Parisko Komunaren, genero problematikaren, langile mugimenduaren nahiz gaur egungo erronken inguruan egingo dute gogoeta.

Kontseilu Sozialista Bilbok mahai-inguru bat antolatu du Maiatzaren Lehenari lotuta, apirilaren 27rako. Bilborocken izango da solasaldia, eta Nahia Santanderrek, Nadia Perezek eta Sabin Aranburuk hartuko dute parte.

Kontseilu Sozialista Urola Kostari dagokionez, bi hitzordu jarri ditu eskualdean. Apirilaren 28an langile autodefentsa sareen inguruan jardungo dute Zumaian, eta apirilaren 30ean, berriz, "krisia, pandemia eta estrategia sozialista" izango dituzte aztergai Zarautzen.

Donostian, ordea, Maiatzaren Lehenean bertan egingo dute mahai-inguru bat, eta hitza hartuko dute Itaiak, Langileon Batasun Kolektiboak eta Kontseilu Sozialista Donostiak. Horren ostean, maiatzaren 15ean hasita, hiru saio izango dituzte Gipuzkoako hiriburuan; Parisko Komuna eta Ategorrietako gertakariak hartuko dituzte gogoetarako abiapuntutzat hitzaldi horietan.

Kontseilu Sozialista Deba Bailarak, bestalde, martxan ditu Aberri Egunaren eta Langileon Nazioarteko Egunaren harira antolatutako jardunaldiak. Apirilaren 24an egingo dute azkeneko saioa: Una historia proletaria de la izquierda abertzale en los años 70.

MOBILIZAZIOAK MAIATZAREN 1EAN

Bestalde, lekuan lekuko Kontseilu Sozialistek hainbat deialdi egin dituzte jada Maiatzaren Lehenerako. Momentuz, ondokoak argitaratu dituzte:

  • Altsasu (Nafarroa): 12:00etan, manifestazioa Foruen plazatik.
  • Azkoitia (Gipuzkoa): 18:00etan, manifestazioa plazatik.
  • Azpeitia (Gipuzkoa): 20:00etan, manifestazioa plazatik.
  • Bergara (Gipuzkoa): 18:30ean, manifestazioa San Martin plazatik.
  • Bilbo (Bizkaia): 18:30ean, manifestazioa Eliptikatik.
  • Donostia (Gipuzkoa): 13:00etan, manifestazioa Bulebarretik.
  • Durango (Bizkaia): 11:00etan, Durangaldeko Langile Autodefentsa Sarearen aurkezpena Fray Juan Zumarraga institutuko aretoan eta, 12:30ean, elkarretaratzea Santanan.
  • Gasteiz (Araba): 20:00etan, manifestazioa Rafa plazatik.
  • Hernani (Gipuzkoa): 20:00etan, Gudarien plazatik.
  • Iruñea (Nafarroa): 18:00etan, manifestazioa Sarasate pasealekutik.
  • Lekeitio (Bizkaia): 12:30ean, ekitaldia San Juanen.
  • Lizarra (Nafarroa): 18:00etan, manifestazioa Koroatze plazatik.
  • Tolosa (Gipuzkoa): 20:00etan, manifestazioa Triangulo plazatik.
  • Urretxu (Gipuzkoa): 20:00etan, manifestazioa Kalebarren plazatik.
  • Zarautz (Gipuzkoa): 19:00etan, manifestazioa udaletxe aurretik.
  • Zestoa (Gipuzkoa): 18:00etan, manifestazioa plazatik.