AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/12/04 10:27

"Pixkanaka-pixkanaka, espazioen kontrolean aurrera eginez". Prozesu Sozialustaren aldeko Elkarguneak hala jakinarazi du espazio sozialista berri bat ireki duela Madrilen; Tetuan auzoan, hain zuzen ere. El Arrabal izeneko espazioa "auzoko langile-klasearen borrokak antolatzeko" toki bat izango da, eta, "Mugimendu Sozialistaren azpiegitura gisa, distrituko langile-klasearen behar politikoen eta antolakuntza-beharren zerbitzura" egongo da.

Bertako Mugimendu Sozialistak gogorarazi duenez, "Madrilgo gune proletarizatuenetako bat" da Tetuan, baina, aldi berean, "burgesiak eta hiriko erdi-mailako klaserik dirudunenek" daukate "inguratuta eta esetsita". El Arrabal, beraz, duela hainbat hamarkadatatik "gentrifikazio-prozesu bortitzak" jasaten ari den auzo batean dago. Bertako kideek xehatu dute "espazioaren gaineko ofentsiba kapitalista" modu jakin batean gauzatzen dela han batez ere: auzoko proletarioen "kanporatzea eta kriminalizazioa", "migratzaileak eta arrazializatuak" direnak nagusiki.

Baina "borrokaren eta erresistentziaren ikur" ere bada Tetuan, Madrilgo Mugimendu Sozialistak aldarrikatu duenez. Besteak beste, auzo hori okupazio-mugimenduaren sinbolo bat izan dela azaldu du. Dena den, "ildo horretan hainbat urtez lan militantean" aritu ostean, autokritika egin eta ondorio nagusi bat atera dute bertako kideek: "gaur egun uste dugu beharrezkoa dela paradigma hori gainditzea".

El Arrabal argitara eman ondoren, bertako Mugimendu Sozialistak adierazi du laster izango direla berri gehiago, eta emango dutela horien berri.

La Yuntera ere martxan

Joan den urrian, beste espazio sozialista bat atera zuen argitara Madrilen Mugimendu Sozialistak: La Yuntera. Espazioa egokitzeko lanetan aritu ostean, azaroan aurkeztu zuten tokia jendaurrean.

EZ DAGO IRUZKINIK