AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Teleceuta
2025/02/21 08:19

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa Washingtonera joango dira datorren astean, Donald Trump presidentearekin biltzeko. Bileraren helburua da, "Ukrainako balizko bake-akordio bati begira, estrategia bateratu bat koordinatzea", Mike Waltz AEBetako Segurtasun Nazionaleko kontseilariak jakinarazi duenez. Hala ere, Trumpen administrazioak bere estrategia erabakita dauka, eta argi du Europako buruzagiek ez dutela ez hitzik ez botorik negoziazio-mahaian. Datorren asteko bilera Parisen egin berri den bilkura informalari gehitu behar zaio: bertan, Macronek Europako liderrak bildu ditu Ukrainako gatazkari aurre egiteko jarrerak bateratzeko, baina ez du lortu.

Bien bitartean, Errusiako Armadaren aurrerapen motel baina iraunkorrekin jarraitzen du Ukrainako gerrak herrialdearen ekialdean, eta Europaren eta Errusiaren arteko tentsioek bere horretan jarraitzen dute. "Negoziaketetan Europako herrialdeek ahots propioa izateko beharra" azpimarratu du Macronek, "Washingtonen menpe egon gabe". Starmerrek, bere aldetik, "lankidetza transatlantikoa mantentzearen garrantzia" nabarmendu du, baina jarrera pragmatikoagoa du Errusiaren aurkako zigorren etorkizunari dagokionez.

Kremlinek zuhurtziaz erantzun dio Etxe Zuriko bilera berriaren iragarpenari, eta adierazi du, "bakean aurrera egiteko", ezinbestekoa izango dela "Moskuren eta Kieven parte-hartze zuzena". Aldi berean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak "Ukrainaren lurralde-osotasuna bermatuko duen ebazpen baten aldeko konpromisoa" berretsi du. AEBetan hurrengo astean izango den bilera inflexio-puntua izan liteke elkarrizketetan, baina oraindik ere desberdintasun handiak daude aldeen artean.

EZ DAGO IRUZKINIK