Lurraren defentsan, mobilizazio eguna izan zen atzokoa Gasteizen (Araba). Euskal Herria ez dago salgai. Lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik zioen pankarta bat buruan zela, hiria gurutzatu zuen arratsaldean manifestazio handi batek, Euskal Herria Bizirik plataformak deituta. Plataformak duen helburuetako bat da han-hemenka martxan diren borroken "indarrak batzea eta ahotsa ozenago entzutea", eta horren erakusle izan ziren atzoko mobilizazioan ikusi ziren pankarta eta aldarri ugariak: "Arabako haranetan makroproiekturik ez", "Trenari bai, AHTari ez", "Solaria kanpora", "SOS Margarita", "Sañu Bizirik", "Enkarterrin makroeolikorik ez", "LPS honi ez", "Arratzua-Ubarrundia lurraren defentsan", "Lurraren defentsan, kapitalismo berdeari sua", eta abar luze bat.
Arratsaldeko 18:00ak igarota hasi zen manifestazioa Gasteizko Bilbo Plazatik, traktore batzuek bidea irekita. Milaka pertsona batu ziren kaleetan, euria gogotik ari zuen arren. Euskal Herrian martxan diren makroproiektu energetikoei ezetz esan zieten, baita EAEko Lurralde Plan Sektorialari (LPS) ere. Hamaika aldiz egin duten modura, antolatzaileek azaldu zuten orain dela LPSari aurre egiteko unea, "enpresa handiak babesten" dituela eta "lurraldearen suntsiketa" larriagotuko duela iritzita. Plan horrek, hain zuzen ere, energia berriztagarriei lotutako proiektuak sustatuko ditu EAEn, eta plataformatik seinalatu izan dute enpresen interesak lehenesten dituela. Helegite ugari jarri dira LPSaren aurka, baina entzungor egin die Eusko Jaurlaritzak.
Enpresariak eta gobernuak, errudun
Atzoko mobilizazioan, "gaur egungo eredu ekonomikoaren" aurka agertu zen Euskal Herria Bizirik. Izan ere, nabarmendu zuen energia, elikagaiak edo lurra bezalako oinarrizko baliabideak negozio bilakatu nahi dituzten enpresa handiei egiten diela mesede eredu ekonomikoak; eta enpresari handiak direla, hain justu, "Europatik etorri eta herritar guztiok zorpetu gaituzten diru-partidez aprobetxatu nahi dutenak", proiektu suntsitzaileak aurrera eramateko. Baina, horretan, erakunde publikoek ere funtsezko zeregina dutela salatu zuen plataformak; lekuan lekuko instituzioetatik hasi eta Europar Batasuneraino. Euskal Herria Biziriken esanetan, erakunde horiek dira "herritarron ongizatearen aurretik enpresen irabaziak jartzen ari direnak", eta LPS da horren adibide.
Bestalde, "kapitalismo berdea" deiturikoa gogor kritikatu zuen berriz plataformak, horren "promesa faltsuetatik haratago, gaur egun bizitzen ari garen hondamendi ekologikoari aterabide bat emateko beharra" azpimarratuz. Horri lotuta, "eredu energetiko justuago" bat aldarrikatu zuten, besteak beste, lurraldea errespetatu eta baliabideen kontrola ahalbidetuko duena.
Babes zabala
Arratsaldeko manifestazioaz gain, goizetik izan ziren hainbat ekimen atzo Gasteizko Auzolana pilotalekuan: eragileen topaketa-azoka, lurraren kriminalizazioari buruzko mahai-ingurua, bazkari bat eta abar. Euskal Herria Bizirik plataforma zabala osatzen duten tokian tokiko plataformez eta kolektiboez gain, Euskal Herriko 140 taldek baino gehiagok egin dute bat atzoko deialdiarekin; aipatutako aldarriek duten babes zabalaren seinale. Lurraren defentsan, kapitalismo berdeari sua! lelopean gazte-bloke bat egin zuten mobilizaziora batzeko, Abetxuko Gazte Batzordeak, Siberiako Gazte Langileon Asanbladak eta Gasteizko Gaztetxeak deituta.