AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/29 17:15

Lekeitioko (Bizkaia) Ikasle Abertzaleakek eta Ikasleen Autodefentsa Sareak indarrak batu dituzte, "ikasleen lan karga arintzea" helburu duen ekimena bultzatzeko. IAk maila nazionalean Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu! lelopean sorturiko kanpainaren eskutik, herriko heziguneetan inkesta bat zabaltzeko erabakia hartu dute hainbat ikasle lekeitiarrek.

Covid-19ak sortutako salbuespen egoeran, "ikasleen baldintzak aztertzea" eta bizi dituzten arazoak identifikatzea izan da helburua, bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta lanbide heziketako zentroei begira. Galdetegi baten bidez bildutako ahotsei esker, ondorioztatu dute ikasle gehienen ustez "gehiegizko lan karga" dela pairatzen duten arazo nagusia.

ESKAKIZUNAK

Emaitzak ikusita, Lekeitioko IAk eta Ikasleen Autodefentsa sareak azpimarratu dute "ez dela euren interesengan nahikoa pentsatzen", eta ikasleriari "bere interesak defendatzea" dagokiola ebatzi dute. Helburu hori erdiesteko eta, bide horretan, ikasleen lan karga arintzeko, honako eskakizunak luzatu dizkiete Lekeitioko ikastetxeetako zuzendaritzei:

  1. Irakasgai bakoitzean, oraingo ikasturtea aurrera eramateko beharrezkoa den edukia soilik lantzea. Eduki hori zehaztuta dago ikasturtea amaitzeko sortu duten Hezkuntza Planean.
  2. Irakasleak euren artean koordinatu daitezela, ikasleen lan karga murriztu dadin.
  3. Irakasle bakoitzak lana eskola orduetan bakarrik agindu ahal izatea. Klase orduetatik kanpo bidalitako lanek baliorik ez izatea; e-mailez bidalitakoek, adibidez.

SINADURA-BILKETA

Jakinarazi dutenez, maiatzaren bigarren eta hirugarren egunetan sinadura-bilketari ekingo diote eskuorri batzuen bidez. Deialdiak "eskaera guztiena izatea" du helburu, izan irakasle, guraso zein ikasle. Horrez gain, Lekeitioko ikasleriari "bere interesen defentsan antolatzeko" dei egin diote.