AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/31 19:09

Gainean dira Lizarrako (Nafarroa) jaiak, baina Festagiroko kideek jakinarazi dutenez, aurten ere arriskuan jarri du txosnagunea udal-gobernuak (UPN). Izan ere, debekatu egin du hainbat hamarkadaz txosnagunea izandako espazioan, autobus-geltokiaren aurrean, txosnak jartzea. Udalaren autoritarismoari eta debekuei aurre eginez, ordea, jaigunea berreskuratu dute festen atarian: udalaren baimenik ez izan arren, gaur arratsaldean, txosnagunea muntatu dute autobus-geltokiaren parean.

Debekuen gainetik, ongi etorri Lizarrako txosnetara. Hala dio bertan jarri duten pankartak, txosnen antolatzaileek salatu baitute ez dutela udalaren erabaki autoritarioa ontzat ematen. "UPNk gure ordez erabaki nahi du, muga bidegabeak ezarririk eta txosnak jaiaren erdigunetik aldendurik. Ez dugu onartzen", zioten kide batzuek txosnagunearen irekiera-ekitaldian.

"Jaiak herriarenak dira, ez udalarenak", gaineratu dute: "Txosna hau, egun batez altxaturik, desobedientzia baketsu eta irmo baten adierazpena da, gogorarazteko erabaki politiko batek berak ere ezin duela herri-antolakuntzaren indarrarekin amaitu". Salatu dute "UPNk gure herrian sorturiko tentsioa gehiegi luzatu" dela, eta "irtenbide bat bilatzeko" momentua dela.

Irekiera-ekitaldiaren ondoren hasi da txosnagunean gaurko antolatu duten egitaraua: Zaunka, Bide Bakarra, Piztia eta Komando Sesera taldeak arituko dira kontzertuan.

Txosnen aurkako eraso autoritarioa udalaren partetik

Festagirok aurreko udan azaldu zuen udal-gobernuak debekatu egin zuela txosnak betiko tokian jartzea, jaigune hori herritik urruntzeko asmoz. Aurten ere erabakiari eutsi dio UPN buru duen udalak, eta berriz eragotzi du geltokiko parkingean txosnak ipintzea, inolako alternatiba egokirik bermatu gabe. Hala ere, ez dute hautu hori onartu antolatzaileek: "Baztertu nahi izan gaituzte, isilarazi nahi izan gaituzte, baina hemen jarraitzen dugu, espazio hau herriarena delako".

Hala, gaurkoan nabarmendu dute "jai libre, parte-hartzaile eta inklusiboak defendatzen jarraituko" dutela, "jaiak herritik eta herriarentzat sortzen direlako, eta ez ezein bulegotatik". Horiek horrela, txosnak eta ohiko txosnagunea defendatuko dituzte: "Lehenago edo beranduago, espazio hau berreskuratuko dugu".

EZ DAGO IRUZKINIK