Larrosain Gune Sozialista martxan da jada Legazpin (Gipuzkoa). Joan den ostiralean, urriaren 24an, ate irekien jardunaldi bat egin zuen bertan Goierriko Kontseilu Sozialistak, eta espazioa ezagutzeko aukera izan zuten hainbat eta hainbat lagunek. Arratsaldean zabaldu zituzten Gune Sozialistako ateak, arratsaldeko 18:30ean, hainbat ekimenen eskutik: Legazpin intsumisioaren alde izandako borrokari buruzko erakusketa, gaiari buruzko solasaldia, luntxa, Palestinar herriari kantuan kantaldia...
Larrosainen abiatuko dituzten proiektuen berri izateko eta parte hartzeko gonbita luzatu dute Goierriko Kontseilu Sozialistako kideek. "Antolakuntza independentearen bitartez, jardun politiko, sozial zein kulturalez hornituriko proiektuak jarriko ditugu martxan", azaldu dute.
Momentuz, esaterako, doako klase partikularrak eta oinarrizko produktuen biltegi bat antolatu dituzte bertan, eta aurreko larunbatean hasi ziren biltegia hornitzeko lanekin: goizean, bilketak egin zituzten Legazpiko Kale Nagusian eta Laubiden. Laster emango dute hurrengo hitzorduen berri.