Larunbat honetan elkartuko dira Euskal Selekzioa eta Palestinakoa, Bilboko (Bizkaia) San Mamesen jokatuko baitute lagunarteko futbol-partida bat. Horren bueltan, hainbat ekimen antolatu dituzte Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko zaleen hainbat harmailak: Indar Gorri, Bultzada, Iraultza, Herri Norte, Iñigo Cabacas Herri Harmaila, Indar Armagina, Indar Hori Beltz, South Side Taldea eta Indar Baskoniak, hain zuzen ere.
Bi ekimen egingo dituzte selekzioen partidaren aurretik. Arriaga Plazan jarri dute lehen hitzordua, eguerdiko 13:00etan: eraildako kirolari palestinarrak omenduko dituzte bertan. Izan ere, aurreko ostegunean prentsaurreko batean ohartarazi zutenez, "2023ko urriaren 7tik, gutxienez 1.300 kirolari palestinar hil ditu Israelek, horietatik 421 futbolariak". Larunbateko lore-eskaintzan parte hartuko dute Euskal Herriko hainbat kirolarik; Kerman Lejarraga eta Ibon Larrinaga boxeolariek, Maitane Melero atletak eta Manu Garcia, Jagoba Beobide eta Mikel Gonzalez futbolariek kasu.
Bestalde, kalejira bat izango da arratsaldean. Zaletuen harmailek, Euskal Selekzioaren partidaren aurretik, urtero egiten dute kalejira, eta urte honetan, Palestinarekin Elkartasuna plataformarekin batera antolatu dute ekimena, palestinar erresistentzia aldarrikatzeko. 18:30ean abiatuko dira kalejiran Areatzatik, eta San Mamesen bukatuko da. Partidua, berriz, gaueko 20:30ean izango da.