Busturialdeko Gazte Koordinadora Sozialistak eta Gernikako (Bizkaia) Egurre gazte asanbladak mobilizazioa antolatu zuten atzo arratsalderako, aurreko gauean, larunbatean, hainbat eta hainbat gaztek Ertzaintzaren aldetik jasan behar izan zuten indarkeria salatzeko. Atzoko protestan 300 pertsona inguru elkartu ziren Gernikako pasealekuan, Biolentzia polizialaren aurrean, gazte langileok tinko lemapean. Ertzaintzak zauritutako gazteei babesa erakutsi eta askatasun politikoen defentsa aldarrikatu zuten.
GKSko eta Egurreko kideek azaldu zutenez, "pobrezian, obedientzian eta sumisioan oinarritutako gizartea eraikitzea" dute helburu aurreko larunbatekoa bezalako gertaerek. "Ofentsiba burgesaren testuinguru orokorrari erreparatzeko beharrari" egin zioten azpimarra, haien esanetan, "alderdi guztien oniritziarekin ezarri den ezkutuko salbuespen egoerak baimendu eta hauspotu baitu pandemiari eta, era berean, krisiari ematen ari zaion aterabide poliziala".
Horren aurrean, beharrezkotzat jo zuten "langileria bizitzen ari den miseria
egoerari klase elkartasunez aurre egitea" eta horren "erantzuleak seinalatzea", bai
eta, "gizarte komunistaren aldeko borrokan", "askatasun politikoen
defentsa antolatzea" ere.
Polizia indarkeria larunbat gauean
Joan den larunbatean nabarmena izan zen poliziaren presentzia Gernikan. 20:00ak heldu eta minutu gutxira, Ertzaintza indarrez sartu zen plaza batera. Hainbat gazte zeuden han, eta haien aurka oldartu ziren ertzainak. Zaurituak izan ziren; besteak beste, polizietako batek belarrian emandako kolpea dela-eta, behin-behinean entzumena galdu du gazte batek, eta hankan bost puntu jarri behar izan dizkiote beste bati.
Ertzaintzak foam jaurtigailuekin eraso zituen gazteak, eta dozenaka izan ziren horien inpaktua jasan zutenak.