Maiatzean iragarri zuen Altsasuko (Nafarroa) Ospa mugimenduak: bi urteren ostean, berriz egingo dute Ospa Eguna herrian. Larunbat honetan izango da, abuztuaren 31n: Poliziaren normalizaziorik ez! lelopean, egun osoko egitarau bat antolatu dute, hainbat kolektiboren parte-hartzearekin.
Eguerdiko 12:30ean emango diote hasiera egunari: Poliziaren normalizazioaren gorakadari buruzko mahai-inguru bat izango da Iortia kulturgunean, eta hitza hartuko dute Altsasuko Ospa, OƱatiko (Gipuzkoa) Fan Hemendik eta Lizarrako (Nafarroa) Pikutara mugimenduetako kideek.
Horren ostean, 15:00etan hasita, bazkari bat egingo dute Iortiako estalpean. Ondoren, 17:00etan jarraituko dute egitarauarekin, toki berdinean: solasaldi bat izango da Moratalazko (Madril) Distrito 14 asanbladarekin, polizia-infiltrazioei buruz. Izan ere, azken urteetan, Moratalazko asanblada horrek hainbatetan jasan ditu polizia-indarren infiltrazioak eta espioitza-lanak.
Aurtengo Ospa Egunari amaiera emateko, azken edizioetan egin bezala, manifestazio bat izango da Altsasuko kaleetan barrena. 18:00etan hasiko da, Foruen Plazatik. Azkeneko Ospa Egunean, 2022an, 1.500 lagun inguru mobilizatu ziren: Poliziari ezetz esan zioten, Langileon aurkako errepresioa gelditu aldarritzat hartuta egindako manifestazioan.