AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/04/25 09:21

Bridgestone enpresako zuzendaritza eta Basauriko (Bizkaia) langile-batzordea atzo bildu ziren laugarrenez, baina ez zuten akordiorik egin. Izan ere, beharginek protestekin jarraitzen duten arren, haietako 335 kaleratzeko asmoarekin segitzen du zuzendaritzak. Atzoko bileran, kanpoko enpresa batek hurrengo bi urteetarako prestatu duen murrizketa-plana azaldu zuten enpresaburuek, eta hala baieztatu zen, kaleratze masiboaz gain, gaur egungo bost lan-txandak hirura murriztea nahi duela enpresak, baita asteburuetan ekoizteari utz diezaiotela ere.

Horiek horrela, lanuzteei eusten diete langileek ere: atzo hasi zuten greba-ziklo berri bat, hiru egunez luzatuko den grebaldi batekin. Erabatekoa izaten ari da jarraipena. Negoziazioak nola doazen ikusita, gainera, beste lau lanuzteren berri ere eman dute, apirilaren 30erako eta maiatzaren 1erako, 5erako eta 6rako.

Gaur bilduko dira asanbladan langileak, eta badirudi mobilizazio gehiagoren berri emango dutela horren ostean, datozen egunetarako. Antza denez, Bilbon, Europako Parlamentu aurrean eta Japoniako Gobernuak Madrilen duen enbaxada aurrean mobilizatzeko asmoa daukate. Euren lanpostuen defentsan segituko dute beharginek, eta sindikatuek berriz eskatu diete erakunde publikoei esku har dezatela, "Bridgestonek ekoizpena beste lantegi batera eramatea saihesteko".

EZ DAGO IRUZKINIK