Printzak argitu du “sistema kapitalistaren tresnak” dituztela etsaitzat, “ez alderdi politiko konkretu bat”

Larraungo udaletxe zaharra birjabetu zuten egunean Erraki Babes Sareak zabaldutako mezu batek “zalantzak” eragin dituela ikusita, “eztabaidaren muina” ez desbideratzeko, beharrezkotzat jo dute “etsai” kontzeptuaren gaineko argipenak ematea. EH Bildurekin “bi aldeentzat onuragarria den akordio bat” lortzeko prestutasuna agertu dute Printzako kideek.
Argazki Nagusia
Printza gaztetxean egindako bilera. Argazkia: Printza
2019ko uztailaren 1a

Ekainaren 23an udaletxe zaharra birjabetu eta Printza gune autogestionatua martxan jarri zuten Larraunen (Lekunberri, Nafarroa). “Helburu handiagoak lortzeko pauso” modura kokatu zuten birjabetzea, espazioa “zentzua emango diogun gure kontrolpeko gunea” izatea ipar. Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sareak “langileok gestionatutako gune berri bat” eratu izanari jarri zion azpimarra: “Etsaiaren espazioak birjabetu eta iraultzaren norabidean pausoak ematen jarraitzen dugu. Meta dezagun potentzia”.

Mezu horrek “zalantzak” eragin dituela iritzita, beren ikuspuntua eman nahi izan dute Printzako kideek: “Estatua ez da neutroa eta administrazio gune edo instituzio bakoitzak egungo sistema mantentzeko papera betetzen du, nahiz eta modu hobean edo okerragoan egin daitekeen. Etsai kontzeptuak, beraz, sistema kapitalistaren tresnei egiten diela erreferentzia ulertzen dugu, eta ez alderdi politiko konkretu bati eta are gutxiago pertsona konkretuei”.

Hala, “sistema kapitalistaren tresna” diren instituzioetatik ere “herri mugimendua lagundu” eta “indarrak metatzeko” gestioa ere egin daitekeela uste dute -EH Bilduk lortu zituen zinegotzi gehien azken udal hauteskundeetan; koalizioak bost hautetsi ditu, eta Larraundarrak taldeak bi-. Bide horretan, “bi aldeentzako onuragarria den akordio bat” lortzeko borondatea agertu dute Printzakoek: “EH Bilduko kideak ez ditugu etsaitzat hartzen. Proiektua seriotasunez hartzea eskatzen dugu, eztabaidaren muina desbideratu gabe”.

Espazioa martxan jarri zutenetik auzolanean aritu dira gazteak, eta bilera irekiak ere egin dituzte, bertan gauzatu asmo dituzten proiektuen inguruan mintzatzeko, besteak beste. Aste honetarako egitaraua plazaratu dute sare sozialetan. Bihar, asteartea, Txan Magoaren emanaldia izango dute 19:00etan. Printza bere bidean aurrera doa.