AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/30 19:01

Munduko beharginen %4,5ek etxeko lanen sektorean egiten dute lan soldatapean, Nazioarteko Lan Erakundearen (NLE) etxeko lanari buruzko txostenaren arabera. Horrek esan nahi du munduko 22 langiletik batek saltzen duela bere lan-indarra etxeko lanak egiten. Guztira, 14 urtetik gorako 75,6 milioi langile aritzen dira etxeko lanen arlo profesionalean, eta horietatik 52 milioi (%76,2) emakumeak dira. Soldatapeko etxeko lanek, munduko emakumeen lanaren %7,5 barne hartzen dute batez beste. Arabiar estatuetan eta Hegoamerikan, esaterako, %34,6ra eta %17,8ra heltzen da ehuneko hori, hurrenez hurren.

75,6 milioi langile aritzen dira etxeko lanen arlo profesionalean, eta horietatik 52 milioi (%76,2) emakumeak dira

Aldiz, soldatapeko gizonen %1,7k baino ez dute etxeko lanen sektorean lan egiten. Halaber, 1990 eta 2010 artean, 19 milioi langile gehiago aritu ziren etxeko lanen sektorean. Gaur-gaurkoz, mundu mailan, soldatapean jarduten duten hamabi emakumetik bat etxeko lanetan dago enplegatuta. Emakumeek sektore horretako lan-indarraren %80 baino gehiago osatzen dute Amerikan, Europan eta erdialdeko Asian.

%45 inguruk ez dute asteko atsedenaldia hartzeko eskubiderik, eta %33k baino gehiagok ez dute inolako babesik edo eskubiderik amatasunari dagokionez

Baldintzei dagokienez, etxeko langile guztien erdiak baino gehiagok ez dute mugarik beren ohiko lan-ordutegian, legedia nazionaletatik kanpo geratzen baitira. Bestalde, %45 inguruk ez dute asteko atsedenaldia hartzeko eskubiderik, eta %33k baino gehiagok ez dute inolako babesik edo eskubiderik amatasunari dagokionez.

Horrez gain, %81ek lan ez-ofizial bat dute, hau da, "beltzean" egiten dute lan; bestelako sektore batzuetako proportzioaren bikoitza, alegia. Lana legez egiten dutenen (%19) batez besteko soldata beste sektore batzuetako langileena baino %44 baxuagoa da, eta legez kanpo aritzen direnen artean, gehienek daukate beste langile batzuen ohiko soldata baino %62,4 baxuagoa den ordainsari bat.

Legez kanpo aritzen direnen artean, gehienek daukate beste langile batzuen ohiko soldata baino %62,4 baxuagoa den ordainsari bat

NLEren arabera, etxeko lanetan "oso ohikoa" da gehiegizko lanaldiak izatea (astebetean 60 ordu baino gehiago) edo, beste muturrean, lanaldi murriztuegiak izatea (asteko 20 ordu baino gutxiago).

Espainiako Estatuan

Espainiako Estatuan, 2,8 milioi langilek daukate lanaldi partzial bat. Horien artean %73 dira emakumezkoak, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) kaleraturiko azken Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (EPA) arabera. Lanaldi partzialean jarduteko arrazoiei dagokienez, arrazoi ohikoena da beharginek lanaldi osoko lanik ez topatu izana (%35), eta bigarren arrazoi nagusia, berriz, umeak, gaixoak, desgaituak edota adineko pertsonak zaindu behar izatea (%12,8).

Bestalde, adinari erreparatuz gero, lanaldi partzialean aritzen diren langileen artean ohikoena da honako profila: 45 eta 59 urte artean dituen emakumezkoa, eta lanaldi partzialean jarduten duena ez duelako lanaldi osoko beharrik aurkitzen. INEren azken datuen esanetan, estatuan 381.700 emakumek pairatzen dute egoera hori.

Espainiako Estatuan, 2,8 milioi langilek daukate lanaldi partzial bat. Horien artean %73 dira emakumezkoak

EZ DAGO IRUZKINIK