AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Urtarrileko irudi bat. Argazkia: ELA
2022/03/22 09:53

Iazko ekainean ekin zioten grebari Bilboko (Bizkaia) Guggenheim museoko garbiketako langileek, eta azkenean, bederatzi hilabeteren ostean, lortu dute haien lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat. Ferrovial enpresak onartu du, besteak beste, beharginen soldatak modu progresiboan igotzea —2024rako, %20ekoa izango da igoera—, bai eta lanaldi partzialeko kontratuak —gaur egungoak nahiz etorkizunekoak— lanaldi osoko kontratu izatera igarotzea ere.

Dena den, soldatak gehiago igoko zirelakoan zeuden langileak: "Gehiago espero genuen". Esaterako, kaleko garbiketan jarduten duten beharginen soldatekin alderatuta, 6.000 euro gutxiago irabazten jarraituko dute.

Azken bederatzi hilabeteetan haien greba eskubidea urratua izan dela salatu dute langileek, eta eskirolek izan duten parte-hartzea ere seinalatu dute. Azaldu dutenez, hemezortzi garbitzaile dira Guggenheimenen, eta haietako hamahiru egon dira greban. Hala ere, museoaren garbiketak martxan jarraitu du, grebalariak ordezkatu baitituzte. Horren harira, epaiketa bat izan zen Bilboko (Bizkaia) epaitegietan aurreko azaroan.

EZ DAGO IRUZKINIK