Agerraldi bat egin du berriki Arabako Errioxa Bizirik plataformak, Labrazako parke eolikoa eraikitzeko pausoez ohartarazteko eta mobilizazio deialdi bat egiteko. Plataformako kideek salatu dutenez, "Labraza Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak eratutako Aixeindar sozietate publiko-pribatuari saldu zaio dagoeneko", izan ere, "burokrazia-tramite guztiak baimendu dizkiote, makroproiektu eolikoari bidea irekiz". Otsailean jakin zen Oiongo (Araba) Udalak, EH Bildu buru duela, parkea egin ahal izateko azken baimenak eman zizkiola Aixendarri. Badirudi, beraz, eraiki egingo dituztela "Labrazako bizilagunentzat miseria ekologiko eta soziala sortzen duten" zortzi errotak, "beste batzuen onura ekonomikorako".
Proiektu txikitzailearen atzean dauden korporazioak seinalatu ditu berriz Arabako Errioxa Bizirikek. Gogorarazi du, esaterako, "bere kontu milioidunak argitaratzen" dituela Iberdrolak "inolako lotsarik gabe", eta "urtez urte handituz" doazela, "dirulaguntza publikoekin mendi publikoak inbaditzearen" bidez adibidez. "Energia, guztion beharrak asetzeko eskubide izan beharrean, gutxi batzuen irabaziak handitzeko merkantzia pribatua bihurtu da", dio. Zehaztu du, gainera, hori "ezinezkoa" litzatekeela "gobernu eta erakunde publikoek bultzatutako politika (neo)liberalistarik gabe", eta horren erakusle dela "alderdi politiko guztiek, ezkerretik eskuinera", Trantsizio Energetikoaren Legea onartu izana. "Enpresa energetikoen mesede eta beharrei erantzuten dien klase politikoa dugu", gaitzetsi du plataformak.
"Kapitalismo berdeak gizateria salbatuko duela sinetsarazi nahi digute, baina argi daukagu gakoa kolorean ez dagoela", laburbildu du. Eta, hala, ezetz esan dio "gure lurrak, mendiak eta herriak industrializagarri bihurtzen dituen" trantsizio energetikoari, horren barruan kokatuz EAEn martxan diren hamaika proiektu txikitzaileak: "Goi-tentsioko lineak, eguzki-parkeak eta parke-eolikoak eraiki nahi dituzte, energia berriztagarrien Lurralde Plangintza Sektorialaren babesean". Arabako Errioxa, zehazki, "eolikoen eta fotoboltaikoen kokaleku egokitzat" jotzen da plan horretan, "baliabide natural egokiak omen dituelako". Araban 100 proiektu baino gehiago atera dituzte mahaira, oraingoz.
Proiektu horietako bat da, hain zuzen ere, Labrazan egin nahi duten parke eolikoa. "Oposizioa ia erabatekoa" dela dio Arabako Errioxa Bizirikek: "Kezkatuta gaude, Labrazaren etorkizunaz eta makroproiektu horrek herritarren osasunean izan dezakeen eraginaz". Hala ere, "borrokarako grina" dutela jakinarazi eta protesta egitera deitu dute plataformako kideek, "arduradun politikoei hartu duten bide hau ez dugula onartuko argi uzteko". Horri lotuta antolatu dute mobilizazio bat datorren apirilaren 4rako, Oionen (Araba), Labraza defendatu! Trantsizio energetiko honi ez! lelopean. 19:00etan hasiko da manifestazioa, Oiongo plazatik.