AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/11 11:08

Urri hasieran atera zen argitara kontrol sozialerako neurri berri bat hartuko duela Gasteizko Udalak. 2023an, adimen artifizialaren bidez funtzionatuko duten hainbat bideo-zaintza kamera jarriko ditu Gasteizen (Araba). Gazte Koordinadora Sozialistak salatu duenez, "kontrol masiborako erreminta" bat da teknologia hori, "300 metrora, 360 graduko ikusmena" baitute aipatutako kamera berriek. Pertsonak eta ibilgailuak nahiz "anomaliak" identifikatu ditzakete, eta "polizia zuzenean jakinarazi" dezakete.

"Ez dira inola ere ezarpen isolatuak izango. Horrelako zaintzen eta teknologien erabilera nabarmen areagotu da Gasteizen azkeneko urteetan: dronen erabilera poliziala, segurtasun-kameren hedapena, Udaltzaingoaren bodycam-ak...", seinalatu dute GKSko kideek: "Era horretako neurrien benetako izaerari erreparatu behar diogu, ez baitira denon ongizatearen eta segurtasunerako erabiltzen; kontrol sozialerako baizik".

Dominazio teknika gero eta zorrotzagoak

GKSk azpimarratu du mekanismo horien helburua dela "burgesiak langile klasearengan ezartzen duen dominazioa mantentzea": "Izan ere, bizitzen ari garen krisi testuinguruan, agintarientzat beharrezkoa da dominazio teknika gero eta zorrotzagoak garatzea, bizi baldintzen okerragotzeak ekarri ditzakeen erreakzioei aurre egiteko".

"Kontrol sozialaren aldeko diskurtsoek", gainera, "gazte/langileon kriminalizazioan sakontzen" dutela uste dute GKSko kideek, eta "beldurra hedatzen" nahiz "jazarpena legitimatzen" duela horrek. "Argi dago, beraz, horrelako teknologiak, norbanakoen intimitatearen urraketa larriak izateaz gain, burgesiak bere dominazioa mantentzeko erabiltzen dituen erremintak" direla, "forma autoritario batean langile klasea orden sozial kapitalistaren baitan integratuta mantentzeko".

Askatasun politikoen alde

Gasteizko GKSk, beraz, salatu du "norbanakoaren intimitatearen urraketa nabarmen bat" dela Gasteizko Udalaren neurri berria, baina ez hori bakarrik: "eskubide politikoen aurkako eraso larritzat" jo du. "Kontrol sozial gorakorraren beste adibide bat" dela azpimarratu du, hala.

Horren aurrean, eskubide politikoen alde borroka egitera eta "gazte kriminalizazioarekin eta jazarpenarekin amaitzera" deitu dute GKSko kideek. "Kontrol sozialaren aurka egiteko", hain zuzen, "antolakuntza komunista" aldarrikatu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK