AKTUALITATEA / Hezkuntza

Klaseak bertan behera utzi dituzte gaur Frantziako ehunka institututan

Lecornuk atzo esan zuen klaseak behin-behinean etengo dituztela gaur bigarren hezkuntzan, ikasle-mobilizazioak apaltzeko asmoz; dena den, eskolak dituzte ikasleek hainbat lizeotan, besteak beste Baionan. Polizia-indarrei babesa adierazi zien lehen ministroak.
2026eko urriaren 7 - 08:20
Klaseak bertan behera utzi dituzte gaur Frantziako ehunka institututan
— ARGAZKIA X-tik hartutakoa

Frantziako lehen ministroak, Sébastien Lecornuk, atzo jakinarazi zuen klaseak bertan behera utziko dituztela gaur bigarren hezkuntzan, ikas-baldintzak hobetzearen alde izaten ari diren mobilizazio masiboak direla-eta. Lecornuk Asanblea Nazionalean eman zuen behin-behineko neurriaren berri: printzipioz, egun erdiz luzatuko da etenaldia. Hala ere, eskolekin segituko dute zenbait lizeotan, Baionan kasu.

Hainbat hedabideren arabera, institutuetan "barne-demokraziarako" tarte bat irekitzea bilatzen omen du gobernuak, ikasle-mobilizazio erraldoiak geldiarazteko. Neurriaren berri eman aurretik, larrialdiko bilera bat egin zuten Lecornuk, Emmanuel Macron presidenteak eta Barne eta Hezkuntza ministerioetako arduradunek, antza denez. Lehendik ere, Frantziako ehunka zentrotan daude etenda klaseak.

Erabakiaren jakinarazpena baliatu zuen Lecornuk mobilizazioak eta ezkerreko mugimenduak kriminalizatzeko, "kaosa" hedatzea eta "biolentoak" izatea leporatu baitzien, besteak beste. Gainera, hamaika kolektibotatik seinalatu den biolentzia polizialari dagokionez, akusazioa baztertu zuen lehen ministroak: "Indarkeria poliziala esateak errepresio polizialerako jarraibide politikoak daudela iradokiko luke. Hori gezurra da". Polizia-indarren lana defendatu zuen, hala.