Joan den astean, Caceresko (Extremadura) Probintzia Auzitegiak zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri zien sasoikako bost langileri ("temporero" modura ezagunak), euren nagusiek zor zizkieten 20.000 euroak kobratzen saiatzeagatik, El PeriĆ³dico Extremadura egunkariak jakinarazi duenez. Akusatuak Caceresko espetxetik eraman zituzten epaiketara, eta "legez kanpoko atxiloketa", "indarkeriaz egindako lapurreta saiakera" eta "lesio" karguak egozten zizkieten.
Azkenean epaiketa ez zen egin, aldeak ados jarri baitziren aurretik. Akusazioak hemeretzi urterainoko kartzela-zigorrak eskatzeko mehatxua egin zuen, eta, ondorioz, kondenatuek zazpi urteko zigorra onartu behar izan zuten: lau urte "legez kanpoko atxiloketa" delituagatik, bi indarkeriaz egindako lapurretagatik eta urtebete "lesioengatik". Bestalde, nagusi bakoitzari 5.000 euroko kalte-ordainak ere eman beharko dizkiote.
Iaz izan ziren gertakariak. Bost langileek finka batean egin zuten lan sasoi batez, baina nagusiek milaka euroko zorrak pilatu zituzten, ez baitzizkieten soldatak ordaintzen. Orduan, zorrak erreklamatu zizkieten beharginek: jabeak furgoneta batera igotzera behartu zituzten, banku batera eraman nahi baitzituzten, behingoz dirua kobratu ahal izateko. Hala ere, arazo tekniko baten ondorioz, ezin izan zuten ordainketa egin. Langileek, tartean aita bat eta bere semea, finkara itzultzea eskatu zieten beste txartel bat lortzeko. Une horretan geldiarazi zituen Guardia Zibilak.