AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/10/27 10:01

Gasteizen (Araba), udalak (PSOE) adimendun bideo-zaintza kamerak jarriko ditu hainbat kaletan, turismoa eta "hiritarren segurtasuna mantentzea" aitzakiatzat hartuta. Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak, baina, seinalatu du "kontrol sozialerako erremintak" direla kamera horiek ere. Hala, "kontrol soziala areagotzeko" Gasteizko Udalak hartutako gainerako neurriekin lotu du kamera berrien ezarpena.

Adibideen artean aipatu ditu GKSk udaltzainen areagotzea eta euren ekipamenduen berritzea, udaltzainen polizia-etxe berria, mugikorraren bitartez monitorizatutako kontrol-sentsoreak, graffitiak egiten dituzten pertsonen kontrako jazarpena eta salaketak jartzeko bulego digitala, garraio publikoan dagoen kontrol etengabea, eta abar.

"Autoritarismoaren eta kontrol sozialaren" gogortzea "gizarte kapitalista osoan" izaten ari dela azaldu dute GKSko kideek. "Krisi ekonomikoak desegonkortasun sozial eta politikoa dakar, eta, horren aurrean, enpresari handiek eta horien zerbitzura dauden politikariek haien posizioa mantentzeko neurriak hartzen dituzte", xehatu dute: "Langile klasea mendean mantentzeko baliabideak hobetzen saiatzen dira".

Hori guztia, pertsonen "intimitatearen urraketa" izateaz gain, "langile klasearen eskubide politikoen urraketa larria" dela salatu du GKSk. "Teknologia horiek langileriaren jarduna zelatatzeko eta zigortzeko erabiltzen dira", gaineratu du.

Hala, gazte antolakundeak dei egin du "areagotzen ari den kontrol sozialari aurre egitera eta neurri autoritarioen aurka antolatzera". Bide horretan, mobilizazio deialdi bat egin du hurrengo hilabeterako: azaroaren 18an, larunbatean, manifestazio bat izango da Gasteizen, kameren eta kontrol sozialaren kontra. Santa Maria plazatik hasiko da protesta, 19:00etan.

EZ DAGO IRUZKINIK