AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Anboto
2023/02/22 15:46

Zerbitzarien "babes kolektiboa antolatzeko" sortu dute Kamareroen Asanblada Durangon (Bizkaia), Durangaldeko Laneko Autodefentsa Sarearen eskutik. "Durangoko hainbat kamarero bildu gara gure lanpostuetan ditugun problematiken inguruan hausnartzeko eta horiei irtenbidea emateko asmoz", azaldu dute asanbladako kideek: "Orain arte nagusi izan den bakartasunaren aurrean, langileon arteko babesa antolatzea eta lan-baldintzen alde borrokatzea da gure helburua".

"Tabernetako gehiegikerien kontra", zenbait aldarrikapen zehatz egin dituzte jada. Besteak beste, zerbitzarien soldatak igotzea (soldatak izoztuta dituztela salatu dute), lan-egutegietan beharrezkoak diren aldaketak egitea (atseden falta nabarmendu dute), ordutegiak hobetzea eta babesgabetasunarekin bukatzea aldarrikatu dute. Babesgabetasunari dagokionez, izan ere, jakinarazi dute "beltzean" lan egiten dutela gehienek eta, "kasu gehienetan, erabat zaurgarriak" direla "istripuen, gaixotasunen, erasoen, kaleratzeen eta abarren aurrean".

"Babesik gabeko sektorea da ostalaritza. Kamarerook ez dugu baliabide kolektiborik izan antolakuntzarako eta gure lan-baldintzen defentsarako", gaineratu du Durangaldeko LASeko Kamareroen Asanbladak. Oroitarazi du "langileon arteko batasuna" dela "gure tresnarik eraginkorrena", eta dei egin die Durangoko zerbitzariei asanbladarekin harremanetan jartzera. Horretarako, erabilgarri daude 747 425 423 telefono zenbakia eta Las.durangaldea@gmail.com helbide elektronikoa.

EZ DAGO IRUZKINIK