ITP Aero Castingek Barakaldon (Bizkaia) eta Sestaon (Bizkaia) dituen plantetako ehunka langilek manifestazioa egin zuten atzo, abenduak 9. Enpresaren instalazioetan hasi eta Barakaldoko udaletxera arte luzatu zuten protesta. Aeronautika sektoreko enpresak gutxienez 133 langile kaleratzeko asmoa du, enplegu-erregulaziorako espediente (EEE) baten bidez.
Langileek salatu dute COVID-19ak sortutako egoeraz baliatu eta "egiturazko neurriak" hartzen ari dela ITP Aeroko zuzendaritza, pandemiaren "ondorioak ordaintzera" behartuz plantilla.
Enpresak 2019an bereganatutako etekinaren bolumena ere azpimarratu dute beharginek: EBIT etekina —interes eta zerga aurreko etekin bolumena, alegia— 105 milioi eurokoa izan zen. Enpresak etekin hori langileen "bekokiko izerdiari esker" eskuratu zuela azpimarratu dute.
Mobilizazio gehiago ere deitu dituzte ITP Aeroko langileek. Larunbatean, abenduak 12, Sestaoko Kasko plazatik aterako da manifestazio bat, 11:30ean. Abenduaren 19an ere egingo dute kaleratzeen aurkako protesta bat.