Tolosan (Gipuzkoa), etxerik gabeko pertsonen aurka jo du berriz udalak (EH Bildu). Bi astean bigarren aldiz, kale-egoeran dauden hainbat lagun kanporatu ditu eraikin publiko batetik, "inongo konponbiderik eman gabe", Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gaur goizean azaldu duenez. Tolosako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hartu dute parte operazioan.
Sindikatuak salatu du, gainera, azkenengo aldi honetan desalojatu dituzten zenbait pertsona Arkaute txaleteko arkupeetatik bota zituztela indarrez aurreko astean. Esan bezala, beraz, etxerik ez duten pertsonak bi aldiz jazarri eta kanporatu ditu udalak azken bi asteetan. "Berriro ere, garbi geratu da udala zein estrategia ari den erabiltzen etxegabe dauden pertsonen egoerari aurre egiteko: errepresioa", ohartarazi dute sindikatutik.