AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / RTVE
2025/10/31 13:08

Junts per Catalunyaren (JxCat) oinarri militanteak ostegun honetan berretsi du PSOErekin zituen akordio guztiak apurtzeko hautua, boto-emaileen %86,98 agertu baitira jarrera horren alde eta %10,22 aurka. Boto zuria eman dute, bestalde, %2,8k, alderdiak berak zabaldutako emaitzen arabera. Juntsen barne-kontsultak, asteazkenetik ostegunera bitartean iraun zuenak, %66,29ko parte-hartzea izan zuen militantzian, alderdiaren esanetan.

Juntseko zuzendaritzak markatutako jarrerak oinarri militantearen babesa duela erakutsi du azken erabakiak. Astelehenean egin zuten bilera bat Perpinyan (Catalunya Nord), eta ondorengo bozketarekin, aho batez eman dute bukatutzat PSOErekin adostutako inbestidura-akordioa. Barne-bozketara eraman zuten, hain zuzen ere, ea afiliatuak "ados zeuden zuzendaritza nazionalak PSOErekin inbestidura-akordioa amaitutzat emateko egindako proposamenarekin, behin eta berriz hartutako konpromisoak bete ez dituztelako".

Juntseko iturriek prentsari adierazi diotenez, hausturak zuzenean eragingo du nazioarteko egiaztatzaileekin Suitzan izaten ari diren bilerak bukatzea, eta aldaketak "nabarituko" dira Espainiako Diputatuen Kongresuan. Izan ere, alderdiak ez omen du Pedro Sanchezen gobernuarekin negoziatuko, eta bere jarrera "bozketa-panelaren bidez" jakinaraziko omen du aurrerantzean.

Carles Puigdemont presidente ohiak erabakiaren ostean ohartarazi duenez, "Espainiako Gobernuak ezingo du inbestiduraren gehiengora jo; ez du aurrekonturik izango, ez du gobernatzeko gaitasunik izango. Poltronak okupatu ahal izango ditu, baina ezin izango du gobernatu. Boterea izan dezake, baina ezin izango du gobernua erabili ".

EZ DAGO IRUZKINIK