AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Indar Gorri
2022/04/04 19:19

Adierazpen bateratu bat argitaratu dute gaur Euskal Herriko zaletuen bost taldek; hain justu, Bultzadak —Realeko zaletuak—, Herri Nortek —Athleticeko zaletuak—, Indar Armagiñak —Eibarko zaletuak—, Indar Gorrik —Osasunako zaletuak— eta Indar Horibeltzek —Barakaldoko zaletuak—. "Aspalditik salatzen" ari diren errepresioari "kapitulu" berri bat gehitu behar zaiola jakinarazi dute hala: zortzi partida geratzen dira gizonezkoen aurreneko mailako denboraldia bukatzeko baina, dagoeneko, ia 200.000 eurora heltzen dira zaletuek denboraldi honetan pilatu dituzten isunak.

Osotara, 194.450 euroko isunak ezarri dizkiete bost talde horietako 68 kideri; batez beste, 3.000 euroko isun bat jaso du bakoitzak. Horretarako polizia-indarrek erabilitako argudioak askotarikoak izan dira: 150 eta 1.000 euro arteko 25 isun jarri dizkiete musukoa ez ipintzeagatik, 1.500 eta 4.000 euro arteko hamasei isun kalejirak egiteagatik, 1.500 eta 4.000 euro arteko hamahiru isun "jokaera txarra" izateagatik, 1.500 euroko lau isun "Donbass eta Euskal Herriko ikurrak" futbol harmailetara eramateagatik, eta 1.500 eta 60.000 euro arteko lau isun "desobedientziagatik".

"Ondo ezagutzen dugu astez aste gure harmailetan entzuten den askatasun garrasia itotzen saiatzeko erabiltzen duten mekanismoa, kalean jasotzen dugun errepresioari batzen zaiona", adierazi dute Bultzadak, Herri Nortek, Indar Armagiñak, Indar Gorrik eta Indar Horibeltzek. "Geroz eta ordutegi lazgarriagoak eta sarrera garestiagoak [futbol partidenak]" jasaten ari direla azaldu dute, eta "hori nahikoa ez" eta, isunen bidez, zalegoa "ekonomikoki birrintzen" ari direla salatu dute.

"Euskal zaletuon aurkako errepresio sistematikoa, kasualitatea izatetik urrun, erabaki politiko bat da, aldarri politikoak harmailetara eramaten ditugunon aurkako eraso neurtu bat, hain zuzen", seinalatu dute. Gainera, "poliziaren konplizitatearekin", Europako futbol zelaietan "eskuin muturraren presentzia areagotzen" ari dela azaldu dute. Dena den, horiek ez direla "errepresiboki kolpatuak" azpimarratu dute, ez direlako "arazo" bat "boteredunentzat".

Hala, jasaten ari diren errepresio sistematikoa salatzeaz gain, zaletuen "eskubide eta askatasunaren aldeko borroka" berretsi dute bost taldeek.

EZ DAGO IRUZKINIK