AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Aranbizkarra, Gasteizen.
2022/07/08 13:56

Iruñerriko (Nafarroa) Itaia izan zen ekimena aurkeztu zuen taldea: apirilerako Txantrean antolatu zituen Etxeratze Kolektiboak, eta Iruñerriko hainbat auzotako jaietan izan du martxan eraso matxisten prebentziorako tresna hori. Ordutik, Euskal Herriko beste hainbat tokitan abiatu dituzte Etxeratze Kolektiboak; esaterako, Bilbon (Bizkaia), Gasteizen (Araba), Gernikan (Bizkaia), Lekeition (Bizkaia) eta Ondarroan (Bizkaia).

Datozen asteetan ere izango dira Etxeratze Kolektiboak zenbait festetan. Gasteizko Lakua auzoan, adibidez, asteburu honetan ospatuko dituzte jaiak, eta etxera taldean itzultzeko aukera izango da gaur zein bihar. Barrutiako hesian elkartzea da asmoa, eta bi hitzordu jarri dituzte gaurko zein biharko: 02:00etan izango da aurreneko etxeratzea, eta 04:00etan bigarrena.

Gernikan, bestalde, gaueko tren zerbitzua berma dezatela eskatu die Euskotreni eta udalari Itaiak. Dena den, oraindik ez dute erantzunik jaso Itaiako kideek, eta tresna propioak antolatzeari ekin diote. Etxeratze Kolektiboak abiatu berri dituzte, Busturiako San Kristobal jaietarako, hain zuzen. Hiru hitzordu jarri dituzte Gernikako erdiguneko tren geltokian, trena hara heltzen denerako; 01:39an, 03:39an eta 05:39an.

Lea-Artibain ere hasi dira Etxeratze Kolektiboak antolatzeko lanekin, Lekeitioko eta Ondarroako jaiei begira.

Itaiako kideek azaldu dutenez, indarkeria matxistari aurre egiteko sortu duten mekanismoetako bat dira Etxeratze Kolektiboak. Gauez etxera taldean itzultzeko aukera emanda, "erasoak saihestea eta emakume langileok etxera seguru itzultzea" bilatzen dute. "Tresna horren helburuak indarkeria matxista desagerrarazteko aurrerapausoak ematea eta emakume langileok independentziaz antolatzeko gaitasuna handitzea dira", zehaztu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK