Aurreko ostegunean jakinarazi zuten Elitzur Ramla saskibaloi-talde israeldarrak, azkenean, ez duela Gernikan (Bizkaia) jokatuko: partidu horiek Bulgariara lekualdatzea erabaki dute. Palestinarekin Elkartasuna plataformak nabarmendu duenez, "aste hauetan zehar Gernikan martxan jarri dugun borrokaren ondorioa" da erabaki hori. Dena den, partidak bertan behera uztea lortu duten arren, larunbaterako egina zuten mobilizazio-deialdia mantendu zuten antolatzaileek, lortutakoa aldarrikatzeko eta "Israelen aurkako boikota ez dela amaitu argi uzteko". Larunbat arratsaldean, hala, 18:00etan abiatu zen manifestazio bat Merkuriotik, Israelgo taldeei boikot lelopean.
"Hasieratik adierazi genuen: oso larria da talde israeldar batek normaltasun osoz nazioarteko txapelketetan parte hartzea", salatu zuten mobilizazioaren amaieran. Manifestazioaren ibilbidean, "FIBAk sionismoa zuritzen du" zioen pankarta bat atera zuten manifestariek, haren erantzukizuna seinalatu baitzuten. Izan ere, plataformak uste du kirol-hitzorduak Bulgariara aldatzea "FIBAk bultzatzen duen trikimailu bat" dela, "partidak normaltasun osoz jokatu daitezen eta horren aurkako mobilizazioa apaldu dadin".
Gernikako lorpena erreibindikatzearekin batera, azpimarratu zuten "aldarria askoz harago" doala, eta "talde israeldarrek txapelketa guztietatik kanpo gelditu" beharko luketela. "Horrelako kirol-ikuskizunek estatu sionista zuritzeko baino ez dute balio", gaineratu zuten. Beraz, ezinbestekotzat jo zuten "sionismoaren aurkako eta palestinar erresistentziaren aldeko aldarriari" heldu eta "konpromiso bihurtzea", "estatu kriminal, kolonial eta supremazista horren konplizeak seinalatuz eta harreman guztiak eteteko antolatuz".
Atzo Gernikan burutu zen manifestazioaren laburpen bideoa.
— Palestinarekin Elkartasuna (@Palestinarekin) November 23, 2025
Israelgo taldeei boikot! pic.twitter.com/NQcSRfZ2yF