AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/05 11:45

Datorren astelehenean beteko da urte bat 2023ko urriaren 7tik; alegia, Palestinako erresistentziak Gazan kontraerasora jo ostean, Israelgo Estatuak sekulako oldarraldi militar bati ekin zionetik. Urtebete igarota, "iaz kaleak hartzera eraman gintuzten arrazoiak indartu" egin direla nabarmendu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak, eta horren erakusle da gaurkoan Bilbon (Bizkaia) izan den manifestazio erraldoia.

Aipatutako plataformak deituta, eguerdiko 12:00etan hasi da gaurko mobilizazioa, Jesusen Bihotzetik. Oraingoan ere, argiak izan dira aldarriak: Palestinar erresistentzia babestu. Israel eta bere konplizeei aurre egin. Orain dela urte bat ere, 2023ko urrian, manifestazio handi bat egin zuten Bizkaiko hiriburuan, palestinar erresistentziaren defentsan, eta estatu sionistaren aurka.

Urte batek eman dezakeena inperialismoan

"Urtebete honek berriz ere agerian utzi du kapitalismoaren eta inperialismoaren aurpegirik krudelena. Urte honek berriz ere agerian utzi du klase menderatzailea zer egiteko gai den bere boterea mantentzeko", esan dute gaurkoan Bilboko manifestazioaren deitzaileek.

"Ikusi dugu Israelgo Armada Gaza okupatzen, ospitaleak, ikastetxeak eta hirigune osoak bonbardatzen; ikusi ditugu hornidura-mozketak, milioika biztanleren desplazamendua iparraldetik hegoaldera eta berriz hegoaldetik iparraldera. Ikusi ditugu laguntza humanitarioaren blokeoa, eta sartzen ziren kamioietako batzuen aurkako erasoak. Ikusi dugu Gaza erditik zatitzen, eta jada aurkeztu dituzte Gaza kontrolatzeko planak. Irakurri ditugu Mendebaldeko komunikabideak Israel defendatzen eta palestinarrak deshumanizatzen, Palestinan hamarnaka mila pertsona erail dituzten bitartean", laburbildu dute modu gordinean.

Gazatik eta Palestinatik harago

Palestinarekin Elkartasunak ohartarazi du, dena den, hori guztia ez dela "Gazara mugatzen": "Komunikabideetan etengabe ezkutatu duten arren, 30 kolonia berri ezarri dituzte Zisjordanian, eta palestinarren kontrolpean egon beharko liratekeen hiriguneetan sartu dira, atxiloketak eginez eta eraikinak suntsituz".

Eta, hori gutxi balitz, badirudi Israelgo Estatu terroristarentzat ez dela nahikoa "herri palestinarra desagerrarazten saiatzea", plataformako kideen esanetan: "Sionismoa proiektu supremazista eta espantsionista bat da, eta bere lurralde-goseak ez du mugarik. Gainera, NATOren bloke geopolitikoaren base militarra den heinean, eskuak libre ditu lurraldean zehar hedatzeko".

Sionistek Libanon, Sirian, Iranen edota Yemenen egindako azken erasoak horren erakusle direla uste du plataformak. Azpimarra egin dio Libanoko egoerari: "Erresistentziaren komunikazio-kanalen eztanda, aire bidezko bonbardaketak, 2.000 eraildako bi astean, biztanleriaren %20aren desplazamendua eta, azkenik, lurreko inbasioa".

Horri lotuta, beste behin ere babesa eman dio Palestinako erresistentziari eta, orokorrean, "eskualdeko herrialde guztietan, Yemendik Libanora, munstro sionistaren kontra borrokan ari diren guztiei".

Proiektu sionista, faxista eta genozida funtsean

"Dagoeneko argi dago hau guztia ez dela burua galdu duen agintari baten errua, ezta Israelgo Gobernuaren faxistizazio koiuntural baten kontua ere. 76 urte daramatzan genozidio baten areagotzea da", xehatu du Palestinarekin Elkartasunak. Iritzi dio, hala, genozidioak baduela "ezinbesteko baldintza bat": "Oraindik munduan nagusi den eta hegemonia ez galtzeko borrokan dagoen Mendebaldeko bloke inperialistaren babesa behar du".

"Ezin dugu pentsatu gaur egungo munduan dimentsio horretako sarraski bat herrialde batek bere kabuz egin dezakeenik. Estatu Batuetako eta Europako gobernuak, enpresak eta alderdiak dira Israel armaz edo babes mediatikoz hornitzen dutenak, euren erretorika edozein dela ere", salatu du plataformak.

Hiru eginkizun

Gaurkoan, ozen esan du berriz ere Palestinarekin Elkartasunak: "Aukera bakarra dago basakeria hau geldiarazteko. Ez dago bidezidorrik. Israelgo Estatuaren desagerpena da Asia mendebaldean egiten ari den sarraskiaren aterabide bakarra. Eta Israelgo Estatua hemen, Mendebaldeko estatuetan, hasten da".

"Israelen zilegitasuna ez onartzearekin batera", premiazko hiru zeregin nabarmendu ditu plataformak: "palestinarren eta, oro har, sionismoak eta inperialismoak kolpatutako herrien erresistentziarako eskubidea irmo defendatzea eta bere kriminalizazioari aurre egitea"; "konplize diren gobernu, enpresa eta alderdi guztiak presionatzea sionismoarekin era guztietako harremanak hautsi ditzaten" eta "Israelen kontrako boikota indartzea"; eta, azkenik, "gure anai-arreba palestinarren aldeko eta gerrara eta genozidiora garamatzan kapitalismoaren kontrako antolakuntza internazionalista indartzea".

"Ezin gara geldirik egon. Borrokan jarraitu behar dugu Israelgo Estatu terrorista desegin eta ibaitik itsasorainoko Palestina aske bat eraiki arte", gaineratu dute Bilbon.

EZ DAGO IRUZKINIK