AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Abdel Kareem Hana/AP
2025/12/22 11:54

Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, Israelgo indarrek 356 palestinar erail dituzte 2025eko urriaren 10etik hona, hau da, "su-etena" ezarri zen egunetik. 992 zauritu eta hondakinen artetik berreskuratutako 617 gorpu zenbatu zituzten abenduaren 15era arte, eta tokiko iturriek, hala nola Gazako Babes Zibilak, nabarmentzen dute biktima gehienak zibilak zirela, haurrak barne. Asko "marra horia" (genozidek ezarritako muga militarra) zeharkatzean hil dituzte, edo baita Hamasekoak omen ziren militanteen aurkako gaueko operazioetan ere.

Al Jazeera-k egunerokoan izandako erasoak dokumentatu ditu. Azaroaren 18an, adibidez, 25 hildako izan ziren aire bidezko erasoetan; eta azaroaren 24an, berriz, lau palestinar erail zituzten Zisjordanian, nahiz eta "su-etena" indarrean izan.

Gazako Babes Zibilak abenduaren 16an jakinarazi zuen 45 gorpu aurkitu zituztela Gaza hiriko hondakinetan, asko deskonposizio-egoera aurreratuan. Horrekin, 600 baino gehiago dira "su-etena" ezarri ondoren lurpetik ateratako pertsonak. Bertako Osasun Ministerioak azpimarratu du, dena den, zifra horiek kontserbatzaileak direla: milaka gorpu daude hondakin iritsiezinen azpian, makineria astunik ez dagoelako eta Israelek mugimenduak mugatzen dituelako. 

Neguko ekaitzen inpaktua

Neguko ekaitzek larriagotu egin dute hondamendia: gutxienez hamabost palestinar hil ziren aurreko asteburuan, kolapsatu egin baitziren errefuxiatuen kanpaleku eta babesleku inprobisatuak. Bertan, edateko urik eta saneamendurik gabe bizi dira 1,9 milioi pertsona. Gazako biztanle ia guztiek, kostaldera joatera behartuta eta pilatuta, ez dute aterperik ere. Eraikinen %78 baino gehiago erabat suntsituta daude, eta 61 milioi tona hondakinez inguratuta daude gazatarrak.

Al Jazeera-ren arabera, Byron ekaitzak eragindako uholdeek lurperatu gabeko gorpuak eta hondakin toxikoak mugitu dituzte, putzuak kutsatuz eta kolera eta hepatitisa bezalako gaixotasunak hedatuz. Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak (OCHA) ohartarazi duenez, "berehalako osasun-kolapsoa" aurreikus daiteke Gazan, eta 1.400 ohe baino ez daude balek zauritutako pertsonak eta hipotermiaren biktimak artatzeko, besteak beste. 

Zisjordania

Zisjordanian ere, indarkeria sionistak ez du etenik izan, eta armadak eta kolonoek gutxienez 45 palestinar erail dituzte urriaren 10etik, OCHAren eta Al Jazeera-ren esanetan. Balaz edo gas negar-eragilearen ondorioz zauritutako 600 palestinar baino gehiago izan dira tarte honetan, gaueko sarekadetan.

Palestinako Osasun Ministerioak gailur baten berri eman du duela gutxi: abenduaren 15ean, soldadu israeldarrek lau gazte hil zituzten Jeninen, "terrorismoaren aurkako" operazio batean. Bitartean, kolonoek hainbat herrixka palestinar eraso zituzten Nablus inguruan, eta bi hildako eta dozenaka zauritu utzi zituzten. Nazio Batuen Erakundeak %20ko igoera dokumentatu du etxeen suntsiketan eta atxiloketa arbitrarioetan, 1.200 palestinar atxilotuta.

Gainera, garbiketa etnikoak bere horretan dirau, errekor berriekin: aurten, Zisjordaniako kokaleku ilegaletan 29.300 etxebizitza eraikitzea onartu du estatu genozidak, abenduan baieztatutako 764 etxebizitza berriak barne. Hamasek eta Palestinako Agintaritzak salatu dute Jordan Haraneko lur emankorrenen "erabateko desjabetzea eta kontrola" dela hori; eta, kasualitatez, lur horiek gakoak dira kolonoen aurrean eusten jarraitzen duten palestinarren biziraupenerako.

Abuztuan onartutako E1 planak 3.500 etxebizitza aurreikusten ditu Ma'ale Adumim hiritik gertu, eta helburutzat du Zisjordania kantoietan banatzea, Ramala hegoaldetik isolatuz eta haran emankorrei eraginez; Smotrichek, hain zuzen ere, Palestinako Estatuaren amaiera gisa ospatu du plana. Banatutako errepideek ("Bizitzaren Ehuna") kokalekuak lotzen dituzte, olibadiak eta zelaiak desjabetuz, eta Khan al-Ahmar bezalako herrixkak eraitsiz.

EZ DAGO IRUZKINIK