Tel Avivek iragarri duen eskema militarraren arabera, bi hilabeteren buruan, Gazako Zerrendaren %75 okupatuko dute sionistek, eta dagoeneko setiatuta dauden hiru eremutara "lekualdatuko" dituzte biztanleen %93 (2,2 milioi biztanletik 2,05). Zifra ofizialek honela banatzen dituzte biztanleak: 1.000.000 pertsona Gaza hiri suntsituan, 700.000 Al-Mawasi itsasartean eta 350.000 Deir al-Balahn. Horrela, eremu horietako batez besteko dentsitatea 60.000 biztanletik gorakoa izango litzateke km2 bakoitzeko, Mexiko Hirikoa baino hogei aldiz handiagoa.
Hiru enklabeek hogei hilabeteko liskarrak jasan dituzte dagoeneko, eta oinarrizko azpiegituraren %70 baino gehiago kaltetuta dago, Nazio Batuen Erakundearen kalkuluen arabera. Israelgo Estatuak baimendutako errazionamenduak egunean 1,5 litro ur finkatzen ditu desplazatutako pertsona bakoitzeko, OMEk gomendatutako gutxieneko 6 litroak baino %75 gutxiago. Gazako Zerrendan zerbitzutik kanpo daude 36 ospitaleetatik 25, eta ohe bakarra daukate 3.000 pertsonako. Sionisten azken planak, beraz, metaketa sanitarioaren tasa are gehiago larriagotzen du, gerra aurrekoak baino hamabost aldiz altuagoak diren mailetaraino.
Israelgo Gobernuak "Hamas desegiteko" bide gisa justifikatu du operazio berria. Bere hitzetan, erakunde horrek 40.000 borrokalari aktibo ditu oraindik, 2023ko urrian hasitako erasoaldiaren aurretik aurreikusitako kopuru bera.
Aurrez egindako operazioetan, Israelgo Estatuaren artilleriak "segurutzat" jotako eremuei ere eraso die; Airwars Gobernuz Kanpoko Erakundearen datu-baseak 34.000 heriotza zibil baino gehiago egozten dizkie bonbardaketa horiei.
Genozidioa babestea
Israelgo Estatu barruan, handia da azken operazioari emandako babesa. Pennsylvaniako Estatu Unibertsitaterako egindako inkesta baten emaitzak zabaldu ditu Haaretz-ek, eta erakusten dutenez, "israeldarren" %82k babesten dute Gazako palestinarren deportazio integrala. %56k, gainera, bortxazko kanporatze hori are gehiago zabalduko lukete, 1948tik sionistek okupatutako Palestinan bizitzen jarraitzen duten herritar arabiar guztiak barne hartzeraino.
Jericó deituriko ekintzak (konkistatutako hiri bateko biztanle guztiak hiltzea) begi onez ikusten dituzte Israelgo Estatuan inkestatutako pertsonen %47k. Eta, horrez gain, "Amalec moderno" bat existitzen dela onartzen dutenak %49 dira. Irudikatze bibliko bat da hura, sarraskia "legitimotzat" jotzen duena.
Erradikalizazioa nabarmenagoa da 40 urtetik beherako "israeldarren" artean: %66k babesten dute Israelgo Estatuko pasaportea duten palestinarrak kanporatzea, eta %58k uste dute baliozkoa dela Jericó-ri lotutako erreferentzia biblikoa. Adin-tarte horretako gizonen artean, %9 bakarrik dira inkestan planteatutako kanporatze- eta sarraski-proposamen guztiak onartzen ez dituztenak.