AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Palestinarekin Elkartasuna plataformak urtarrilean Beasainen egindako manifestazioa.
2024/04/22 13:49

Datorren maiatzaren 15ean izango da Nakba Eguna, "Palestinako herriaren hondamendiaren sinbolo dena", Palestinarekin Elkartasuna plataformak gogorarazi duenez. Horri lotuta, mobilizazio deialdi berri bat egin du aste horretarako: maiatzaren 18rako, larunbaterako, Iruñean (Nafarroa) antolatu du manifestazio bat. Palestinaren askatasuna aldarrikatzeaz gain, "Israel borrokatzera, desnormalizatzera eta suntsitzera" deituko du mobilizazioan. 12:30ean hasiko da.

Plataformak argitu du "Palestinako lurren okupazioaren amaiera, errefuxiatuen itzulera eta preso politiko guztien askatasuna" exijitzen dituela, eta aldarri horiek aterako dituela kalera maiatzaren 18an ere. Ohartarazi du, dena den, "hutsala" dela "helburu horiek irtenbide politikorik proposatu gabe mahaigaineratzea": "Horregatik, guk Palestina osoaren deskolonizazioa eta, beraz, Israelen desagerpena aldarrikatzen ditugu, finkatutako helburuak erdiesteko ezinbesteko baldintza bezala".

Mendebaldeko agintaritzen konplizitatea

"Genozidioa guztion begien aurrean gauzatzen ari den honetan, eta Israelen partetik erasoak eskualde osoan areagotu eta zabaltzeko arriskua dagoenean, Mendebaldeko gobernuek entitate sionistaren krimenak babesten jarraitzen dute", salatu du Palestinarekin Elkartasunak: "Entitate kolonial hau legitimatzen saiatzen ari dira Palestinan ezarrita mantendu dadin, bai esplizituki babesa emanez, bai erdizkako kritikak eginez".

"Bi estatuen irtenbidea", hain zuzen ere, zentzu horretan proposatzen dute Mendebaldeko agintaritzek eta bestelako agenteek, aipatutako plataformak seinalatu duenez. "Irtenbide faltsu hori arrazista eta koloniala da, gauzatu ezina izateaz gain", kritikatu du.

"Paradoxikoa da aurrerakoiak omen diren gobernuek, PSOErenak kasu, estatu palestinarra aitortzeko prestutasuna orain erakutsi izana, hain justu, horrek gutxirako balio duen momentu batean; ez bada aurpegia zuritzeko", gaitzetsi du plataformak.

Gobernu horiek guztiek "Israelen kontrako zigorrak proposatzen" ez badituzte, arrazoi nabarmen batengatik dela iritzi dio: "haien interesentzat onuragarria" delako estatu sionistaren existentzia. "Mendebaldeko potentzia inperialistentzat, NATO eta Europar Batasuna barne, entitate sionista ezinbestekoa da mendebaldeko Asian haien interesak bermatzeko", azaldu du Palestinarekin Elkartasunak.

Palestinaren askatasuna, Israel suntsitzearen eskutik

Hainbat eginkizuni egin die azpimarra plataformak, hala nola: "palestinar erresistentzia babestea; Mendebaldeko gobernu, enpresa eta alderdien sionismoarekiko konplizitateak salatzea, eta bi estatuen irtenbide faltsua borrokatzea". "Palestina inoiz aske izango bada, hori Israelen desagerpenaren bidetik soilik izango da", gaineratu du. Hori dela-eta, aldarrikatu du "Palestinaren aldeko elkartasuna, ezinbestean, Israelen kontrako borrokari lotuta joan behar" dela.

EZ DAGO IRUZKINIK