Palmira Dualek, etxegebetze arriskuan zeuden Irungo (Gipuzkoa) Katea auzoko bizilagunen alabak, behin-behinean gurasoen etxegabetzea geldiaraztea lortu dutela iragarri du. Hala jakinarazi zuen asteburuan zabaldutako bideo batean. Izan ere, gaur goizean Kimbolton Invest SM putre-funtsak familia zaurgarri bat etxegabetu nahi zuen.
"Familiak komunikatu bat luzatu nahi dizuegu: hilaren 16rako ezarri zuten etxegabetzea geldiaraztea lortu dugu". Gainera, jasotako elkartasuna berebizikoa izan dela azaldu du Dualek: "Ostiraleko agerraldian familiako kideok oso babestuta sentitu ginen, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkizuegu bertaratu zineten bizilagun, eragile eta hedabide guztiei".
Horretaz gain, batasunerako eta borrokarako deia luzatu du Katea auzoko bizilagunen alabak: kasu honek, "auzokideak elkartuz gero, gure burua babestu eta arrisku-egoeran dagoen jendea salbatu dezakegula utzi du agerian, denok batuta egonez gero". Are, geldirik egongo ez direla adierazi du: "Aurrerantzean, justiziagatik eta horrelako kasu guztiak ikusarazteagatik borrokan jarraituko dugu. Izan ere, asko dira antzerako egoeran bizi den jendea, gaur-gaurkoz ez badakigu ere".