AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/05 08:52

Atzo, 11:45ean Iruñeko (Nafarroa) Foruen Plazatik abiatuta, mobilizazio bat egin zuten lanbide heziketako (LH) ikasleek, Iruñerriko Ikasle Abertzaleakek (IA) deituta. "Bigarren mailako ikasleak izateaz nazkatuta" daudela esan dute, eta "larria" dela Nafarroako lanbide heziketako egoera. Baliabideen murrizketa, praktikaldietako prekaritatea eta ikasleek zigorrak jasateko gainean daukaten mamua salatu dituzte, hain zuzen ere.

"LHko ikasleak beti bigarren mailako gisa hartuak izan gara", azaldu dute: "Kanpora begira LH da etorkizuna, Nafarroa erreferentea de Europa mailan eta ikasle-enpresa sinergia bikaina da. Errealitatean, ordea, ikasle langileon beharrek eta interesek ez dute axola, enpresenak baizik". Eta jarraitu dute: "Enpresen beharrek eta interesek eta euren ordezkaritza politikoa diren Nafarroako Gobernuaren eta Hezkuntza Departamenduaren diru-partidek agintzen dute, eta milaka ikasle ziurgabetasunera, ezegonkortasunera eta etorkizunean prekaritatera eta miseriara kondenatuak gara".

Murrizketak, prekaritatea eta burokrazia

IAren esanetan, "etortzen zaiguna onartzea besterik ez dugula saldu" diete ikasleei: "Murrizketak, prekaritatea, burokrazia...". Izan ere, "beharrak bikoiztu " direla eta "baliabideak murrizten" ari direla jakinarazi du lehenik eta behin: "Orain praktikak lehen eta bigarren mailan egin behar ditugu, baina horien kudeaketarako irakasleek duten denbora ez da handitu. Horrek praktikak lortzeko arazoak dakartza ikasleentzat, eta ezegonkortasuna etorkizunari begira".

Horiek horrela, ohartarazi dute ez daukatela "ikasketak normaltasunez aurrera ateratzeko inongo bermerik", eta horren "adibide garbia" dela "aurreko planeko azken promozioko ehunka ikasle praktikak egiteko eskubiderik gabe geratzen" ari direla, esaterako Iruñeko Virgen del Camino zentroan.

Lanbide heziketako ikasleen praktikaldietan, orokorrean, "prekaritatea oso agerikoa" dela seinalatu du IAk: "Praktikak ez zaizkigu ordaintzen eta kezkagarriak dira horietan bizi behar izaten ditugun egoerak. Gainera, betetzen ditugun postuak askotan lan zikinenak dira, enpresak bete behar dituen hutsuneak, ez gure formakuntzarekin bat datozen lan praktikoak".

Hori gutxi balitz, momentu oro "zigor-mehatxupean" daudela diote ikasleek, eta ustezko "bizikidetzaren aurkako jarrerak, faltak edo suspentsoak" leporatzen badizkiete, praktikak egiteko eskubidea gal dezaketela. "Zigor-mehatxu arbitrario eta konstante horien helburua langile otzanak heztea da, dauden arazo guztien aurrean isilik geldituko direnak", gaitzetsi du ikasle-antolakundeak.

IAko kideek ezinbestekotzat hartu dute "gaurdanik lanbide heziketako ikasleok antolatzen eta borrokatzen hastea, lanbide heziketek gizarte kapitalistan betetzen duten funtzioaren aurka eta hura sostengatzen duten enpresen eta politikarien aurka". Aldarri garbi bat egin dute: "Defenda ditzagun gure interesak, inork ez baitu gugatik egingo".

EZ DAGO IRUZKINIK