AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/10 20:08

Udaren hasieran eman zuten Bidasoko Gazte Langileon Asanbladaren sorreraren berri, eta hasiera-hasieratik jardun du lanean Gaztetxe bat lortzeko. Uztailean, Hondarribiko (Gipuzkoa) Piraten Gazteluko lorategia hartu zuen asanbladak, "Gaztetxe baten beharra erakusteko", eta udalari eskatu zion eraikina "herriari eskaini ziezaion", "eragile aktiboek dugun azpiegitura beharra asetzeari" begira. Udalak, baina, "segurtasun-arrazoiak" hartu zituen aitzakiatzat gazteak handik alde egitera behartzeko, eta handik zenbait ordura kanporatu zituzten udaltzainek eta ertzainek.

Hala ere, Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak jakinarazi zuen borrokan jarraituko zuela Gaztetxe bat eskuratzeko. Udaletxeko arkupeetan kanpatu zuten gazteek gau horretan, eta horrela lortu zuten udalarekin biltzea eta hark hainbat konpromiso hartzea, espazio bat emateko norabidean. Asanbladako kideek urriaren amaieran azaldu zuten, ordea, "fase berri batean sartu" zela euren eta udalaren arteko negoziazioa.

Esan zuten uztailetik hainbatetan bildu zirela udalarekin, baina "Gaztetxe baterako gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten espazioak soilik eskaini" zizkiola asanbladari. "Toki horiek ez daude bertara sartzeko moduan, eta ez dira egongo heldu den urtera arte", zehaztu zuten. Hortaz, "ondorio argi bat" azpimarratu zuten: "Dagoen agintari politikoa dagoela, instituzioetatik ez dugu inoiz jasoko benetan gazteria langilearen antolakuntza posible egingo duen iniziatibarik. Gure kabuz antolatzea, ez dugu beste aukerarik".

"Gaztetxe bat lortu arte", lanean segituko zutela errepikatu zuten. Eta horretan aritu dira, gaur iluntzean azaleratu dutenez: Irunen (Gipuzkoa) birjabetu du lokal bat Gazte Langileon Asanbladak, Mosku Plaza inguruko Eguzkitza kalean hain justu. Bihar emango dute informazio gehiago, eta lokalera bertaratzera deitu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK