Duela gutxi, udaletik esan zuten Iruñean (Nafarroa) ez zegoela etxerik gabeko pertsonarik gaua kalean igarotzen, gobernu aldaketa gertatu eta Joseba Asironek (EH Bildu) alkatetza eskuratu zuenetik. Hori argitara atera eta gutxira heldu da berria Nafarroako hiriburuan: joan den larunbat goizean, etxerik gabeko pertsona bat hilik topatu zuten Donibane auzoan.
Zehazki, Azueloko Monasterioaren Plazan aurkitu zuten gorpua. Itxura denez, Espainiako Estatuko herritartasuna zeukan hildako lagunak, eta adin ertainekoa zen.
Heriotza hori dela-eta, protestara deitu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak, Kapitalismoa hiltzailea lelopean. Gaurko, urtarrilaren 15erako, kontzentrazio bat antolatu du: 18:00etan izango da, Iruñeko udaletxe aurrean. Azken heriotza eta, orokorrean, "gizarte kapitalistaren ondorio diren mota horretako heriotzak" salatuko dituzte protestan.
Gutxienez 135 pertsona
Etxerik gabeko pertsonei aterpea emateko bi aterpetxe daude Iruñean; udalak kudeatzen du bat eta Nafarroako Gobernuak bestea. Azken datuen arabera, abenduaren 28tik hona, egunean 135 lagunek eskatu behar izan dute gaua igarotzeko leku bat, batez beste.