Irudi berri gehiagok gezurtatu dute ultraeskuinak Lyongo faxistaren heriotzari buruz zabaldutako bertsioa
— ARGAZKIA Le Canard Enchaîné

Le Canard Enchaîné astekari frantziarrak astearte honetan zabaldu ditu orain arte argitaratu gabeko irudi batzuk, Quentin Deranque faxistaren heriotzaren nondik norakoak argitzen jarraitzen dutenak. Némésis, Action Française eta beste talde katoliko tradizionalista batzuei lotutako militante faxista bat zen Deranque, eta otsailaren 12an hil zen, Lyonen, militante antifaxista batzuekin izandako liskarrean.

Bizilagun batek lortu eta egunkariari utzitako grabazioek erakusten dutenez, hamabost pertsona inguruko bi talderen arteko borroka bat izan zen kalean; batetik faxistak eta bestetik antifaxistak. Lehenengoek aurpegia estalirik zuten eta hainbat objekturekin armaturik zeuden, eta horietako batzuk moto-kaskoek babestuta ere bai. Ezkerrak, eskuinak eta eskuin muturrak Frantziako Asanblea Nazionalean Deranque faxistaren omenez minutu bateko isilunea egin zuten egun berean zabaldu ziren irudiok.

Argitaratutako informazioaren arabera, borroka 17:50ak aldera hasi zen Lyongo 7. barrutian, Yves-Farge bulebarraren eta Victor Lagrange kalearen arteko bidegurutzean; Quentin Deranque bota eta kolpatu zuten tokitik 50 metro eskasera hain justu. Irudiek kontraesanean jartzen dute eskuin muturreko sektoreek eta hildakoaren familiak berak bultzatutako narratiba; izan ere, "segada baten biktima" gisa aurkeztu dute Deranque, "ekintza politiko batera soilik zihoanean".

Le Canard Enchaîné-k argitaratutako azken grabazioak aste bakar batean plazaratutako bigarren froga grafikoak dira, eta agerian uzten dute faxistak liskar bila hurbildu zirela antifaxistengana, eta aurkitu egin zutela azkenean. Aurretik, Contre Attaque-k beste angelu batetik grabatutako antzeko irudi batzuk erakutsi zituen.

Material grafikoak erakusten du faxistek objektu sendoak zeramatzatela eta haien ekimenez hasi zela borroka. Irudietatik ondorioztatzen denez, ez zen inoiz aldebakarreko eraso edo antifaxisten segada bat izan, eskuin muturrak ulertarazi nahi duen bezala. Gertakariaren testuingurua, hain zuzen ere, Frantzia Intsumisoak Palestinaren alde antolatutako ekitaldi batekin bat dator. Faxista hil ondoren, Mélenchonen alderdiak antifaxisten jokabidea gaitzetsi du, nahiz eta beren ekitaldian sartzea galarazi zieten armatutako faxistei.

Ikerketa judizialak aurrera jarraitzen du, eta Le Canard Enchaîné-ren argitalpenak dokumentazio-elementu berriak gehitzen ditu komunikabideetan ezartzen ari den bertsio ofizial eta ultraeskuindarra ezeztatzeko. Irudiek, oraingoz, liskar bat egon zela baieztatzen dute, baita faxistak armaturik zeudela ere.

Irudi berri gehiagok gezurtatu dute ultraeskuinak Lyongo faxistaren heriotzari buruz zabaldutako bertsioa@canardenchaine|k argitaratutako grabazioek erakusten dute talde faxista armaturik bertaratu zela antifaxistengana eta borroka hasi zuela

🔗 https://t.co/IyOVfE5Cay pic.twitter.com/rJsItFf4QO

— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) February 18, 2026