AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Eskola Ibiltaria Munitibarrera bidean.
2019/07/24 14:43

Aulestitik (Bizkaia) Munitibarrerako (Bizkaia) bidea hartu du gaurkoan Ikasle Abertzaleek antolatutako Eskola Ibiltariak. Hala, martxaren bigarren etapari heldu diote ikasle eta gazteek. Hiru orduko ibilaldiaren ostean, Munitibarrera iritsi da Eskola Ibiltaria; bertan izan da bazkaria, eta ondoren, genero auziaren oinarriak aztertu dituzte, Itaiako kideekin batera. Hala, azken hilabeteetan genero auziaren gainean egindako ikerketak atera dituzte mahaira. Aurrerapen teorikoez zein horien inplikazio politikoez aritu dira emakume sozialisten sareko kideak; eta batez ere, "genero problematika" eta "genero zapalkuntza" kontzeptuen definizioak zein horien ondorio politikoak izan dituzte hizpide.

Bestalde, gaur ere hainbat tailer izan dira arratsaldean. Hain zuzen, militantzia kultura edota segurtasuna landu dituzte, baita hezkuntza legeen eta instituzioen ikerketa, sindikalgintzarako borroka moldeak, ekimen handien antolaketa, bileren dinamizazioa, informatika, analisi koiunturalak eta autodefentsa fisikoa ere.

Afalostean, aldiz, Kartzelako bizipenak hitzaldia izan da, bi preso ohiren eskutik.