Israelgo Estatu terroristak ez du baztertzen datozen hilabeteetan Iranen instalazio nuklearren aurkako eraso militar "mugatu" bat egitea, nahiz eta Donald Trumpek Benjamin Netanyahuri jakinarazi dion AEBek ez dutela, oraingoz, horrelako ekintza bat babesten. Hala esan diote Reuters agentziari funtzionario sionista batek eta elkarrizketa horien berri omen duten beste bi pertsonak. Iturri horien arabera, Israelgo Estatuak hainbat plan proposatu dizkio Washingtoni Iranen kontra, besteak beste, aire-erasoak eta komando-operazioak, bertako programa nuklearra zenbait hilabetez moteltzeko.
AEBen babesik gabeko erasoaldi baten aukerak indarra hartu du azken egunotan. The New York Times egunkariaren esanetan, Trumpek Netanyahuri adierazi dio nahiago duela lehenik negoziazio diplomatikoetan aurrera egin Iranekin. Hala ere, Israelgo Estatuko funtzionarioek uste dute eskala txikiagoko operazio bat, AEBen laguntza zuzenik beharko ez lukeena, modu independentean egin daitekeela. Bidenen administrazioko bi kide ohik Reuters agentziari baieztatu diotenez, plan horien aurreko bertsioak Washingtonekin partekatu izan dira lehendik ere, eta AEBen laguntza militarra eta inteligentzia-zerbitzuen babesa maila askoz ere handiagoan eskatzen zen bertsio horietan.
Reuters-ek galdekatutako adituen ustez, erasoaldi handi bat gertatuz gero ere, Irango programa nuklearraren gaineko eragina aldi baterakoa izango litzateke. Iranek, bere aldetik, ohartarazi du sionisten halako ekintza batek "erantzun gogorra eta hautsiezina" eragingo lukeela, Errepublika Islamikoko segurtasun-funtzionario baten hitzetan. Bien bitartean, AEBetako eta Irango negoziatzaileek atariko elkarrizketak berrabiaraziko dituzte larunbat honetan Erroman, akordio nuklearraren balizko berraktibatze bat helburu.