AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/14 12:50

Gorrotoa sustatu dezaketen jokabideen inguruko politika aldatu du Meta taldeak, eta aldaketak ezarri ditu bere jabetzako plataformetan argitaratu daitezkeen mezuei buruzko araudian. Hala, joera erreakzionarioen gorakada betean, olatu hori indartzeko marjina handitu du Facebook, Instagram zein Threads plataformen jabeak: irain matxistak, homofoboak eta transfoboak argitaratzeko aukera areagotu du, bere arautegian, hainbat iruzkin erreakzionario egiteko aukera legeztatuta.

Baimendu dituen aukeren artean dago, adibidez, aipatutako sare sozialetan "anormal" edo "gaixo mental" deitzea norbaiti, bere "generoa edo sexu-orientazioa" kontuan hartuta. Hala dio berritutako politikak: "Gaixotasun mentalaren edo anormaltasunaren salaketak onartzen dira, generoan edo sexu-orientazioan oinarritzen direnean, transexualitateari eta homosexualitateari buruzko diskurtso politikoa eta erlijiosoa kontuan hartuta".

Bestalde, jokabideei buruzko lehengo politikan, emakumeei "etxeko objektu edo jabetza" gisa erreferentzia egitea debekatzen zen. Paragrafo hori desagertu egin da orain, ordea, eta badirudi Metak ez dituela halako gutxiespen-komentarioak zentsuratuko. Multinazionalak ez du debekatu, gainera, hezkuntza bezalako sektoreetan lanpostuak lortzeko muga baztertzaileak jartzearen alde agertzea. Posible izango da, beraz, adieraztea emakumeek ez luketela parte hartu beharko hainbat alorretan, edo "sexu-orientazioaren araberako" mugak jarri beharko liratekeela, "erlijio-sinesmenetan oinarrituta".

EZ DAGO IRUZKINIK