AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/09/29 09:30

Bukatzear da iraila, eta hilabete honetako inflazio-mailari buruzko datuak aurreratu ditu Espainiako Estatistika Institutuak (INE). Dirudienez, inflazioa zertxobait jaitsi da abuztutik hona, %10,5etik %9ra, hain zuzen. Azken bi hilabeteetan goranzko joera eten den arren —%10,7tik %10,5era murriztu zen inflazioa abuztuan, eta puntu eta erdi orain—, azken 30 urteetako mailarik altuenak izan dira azken hilabeteetan; joan den ekainean, bi digituko zifra bat erregistratu zen 1985etik lehenengo aldiz, %8,7tik %10,2ra igo zenean.

Maiatzetik izan den inflazio-mailarik baxuena da irailekoa, eta dirudienez, argindarraren prezioaren jaitsierak eragin du. Aurreratu dutenez, parke eolikoen ekarpena handitu izanak eta, beraz, ziklo konbinatuko gas zentralek gas gutxiago erre izanak bultzatu du hori. Abuztuan, dena den, inoizko preziorik altuenak jo zituen argindarrak.

Elikagaien prezioetan, bestalde, igoera historiko bat izan da hilabete honetan. Aurki argitaratuko du GEDAR LANGILE KAZETAk auzi horri buruzko artikulu bat.

Azpiko inflazioa, altu

Datu aurreratuek erakusten dutenez, azpiko inflazioa ere —aldakorrak diren hainbat neurgailu kanpoan utzita kalkulatzen den inflazio-maila, neurgailu orokorrak izango duen bilakaera erakusten duena— pixka bat jaitsi da, %6,4tik %6,2ra. Aurreko hilabetean, baina, goia jo zuen: 1993tik erregistratu den zifrarik altuena izan zen abuztuan.

INEk urriaren 14an argitaratuko ditu iraileko behin betiko datuak.

EZ DAGO IRUZKINIK