AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/29 09:43

Eusko Jaurlaritzak antolatuta, etxebizitza politikei buruzko kongresu bat izango da gaur Bilboko (Bizkaia) Euskalduna Jauregian, teorian, "herritarrek etxebizitza bat izateko daukaten eskubidea" lantzeko. Irekiera ekitaldia gaur goizerako deitu dute, baina protesta bat izan dute parez pare: elkarretaratze baten bidez salatu dute hainbat kolektibok erakunde publikoen fartsa, No a los recortes del derecho a la vivienda. Instituzioen fartsari aurre egin lelopean.

Argilan-ESK, Berri Otxoak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak egin dute mobilizazio-deialdia. Instituzioek, halako kongresuen bidez, "aurpegia zuritzea" besterik ez dutela bilatzen azaldu dute; izan ere, erakunde horiek beraiek dira gero, errealitatean, etxebizitza eskubidea murrizten duten politikak ezartzen dituztenak eta, besteak beste, etxegabetzeak ahalbidetzen edo zuzenean gauzatzen dituztenak. "Propaganda instituzionala egin arren, kongresu honetan erabakiko dena da nork aterako dion probetxua miseriari", seinalatu du, zehazki, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

Gaurko elkarretaratzea antolatu duten kolektiboek gogora ekarri dituzte mahai gainean dauden hainbat murrizketa-politika, etxebizitza eskubideari eraso egiten diotenak. Lanbideren Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta gizarte-zerbitzuen Larrialdietarako Laguntzak, adibidez, aurki desagertuko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. "Prestazio horien lekua Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoak betetzen du, eta prestazio horrek gutxienez hiru urteko inskripzioa eskatzen du Etxebideren Euskal Etxebizitza Zerbitzuan", ohartarazi dute: "Apirilaren 2tik aurrera desagertuko diren bi prestazioak eskuratzeko, ez zen inolako antzinatasunik eskatzen".

Mobilizazioa otsailaren 24an

Argilan-ESK, Berri Otxoak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak beste mobilizazio bat daukate deituta Bilbon (Bizkaia), hurrengo otsailaren 24rako. Prestazio sozialetan izaten ari diren murrizketak salatuko dituzte manifestazio horretan, bai eta horiei lotutako "kriminalizazio eta pobretze" guztia ere. Moyuatik hasiko da mobilizazio hori, 12:00etan.

EZ DAGO IRUZKINIK