Aurreko ostiraletik larunbaterako gauean, etxerik gabeko lagun bat hil zen Iruñeko (Nafarroa) Donibane auzoan. Kapitalismoa hiltzailea lelopean, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak protestara deitu zuen: elkarretaratze bat antolatu zuen atzo arratsalderako, azken heriotza eta, orokorrean, "gizarte kapitalistaren ondorio diren mota horretako heriotzak" salatzeko. Iruñeko udaletxe aurrean izan zen kontzentrazioa, 18:00etan hasita.
Protestaren amaieran, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak ohartarazi zuen asteburuan hildako pertsona Azueloko Monasterioaren Plazan ari zela gaua igarotzen hil zenean, zero azpitiko tenperaturak izan arren. "Basakeria hutsa da, ez bakarrik gertaeren tragikotasunagatik, baizik eta ekidin daitezkeen gertakariak direlako", salatu zuten Etxebizitza Sindikatuko kideek: "Bizi garen sistemaren funtzionamenduak milaka pertsona kondenatzen ditu miseriara, ongizate unibertsala bermatu lezaketen nahikoa bitarteko badauden arren".
Seinalatu zuten gizarte kapitalistan "ekidinezina" dela "jendea kale gorrian hiltzen jarraitzea", ez dagoelako "jendarte osoarentzako etxebizitza bermatzeko modurik, oinarrizko baliabideetarako sarbidea norbere diruaren eta posizio sozialaren menpekoa baldin bada".
Kritika udal gobernu berriaren azken adierazpenei
Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak, gainera, udal gobernu berriak (EH Bildu) duela gutxi egindako adierazpenak ekarri zituen gogora: "Badago bere kudeaketarekin aldaketa erradikalak izan daitezkeela ziurtatzen duenik. EH Bilduk duela ez asko baieztatu zuen Iruñean ez zegoela kalean lo egiten zuen pertsonarik, alkatetza lortu zuenetik. Baieztapen ausarta eta, tamalez, errealitatetik oso urrun dagoena".
"Etxerik gabeko pertsona batzuen egoera arintzeko neurriak har daitezke, baina era horretako sententziak arduragabekeria hutsa dira, arazo erreal baten existentzia ukatzen duten heinean", kritikatu zuen Etxebizitza Sindikatuak. Azaldu zuen, hala, zenbait "ondorio larri" sor ditzakeela halako "propaganda alderdikoiak": "arazoa ikusezin bilakatzea" eta "instituzioek egin dezaketenari buruzko ilusio faltsu bat sortzea"; "instituzio burgesek egoera errotik aldatu dezaketelako irudipen faltsua", hain zuzen ere.
Gizarte-eredu berri baten beharra
"Guk argi eta garbi diogu", aldarrikatu zuen Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak: "Gertakari horiekin
behin betiko amaitzeko modu bakarra gizarte-antolamendu komunista bat
eraikitzea da. Ez baita nahikoa drama soziala gaitzestea; hori gaindi
dezakeen gizarte-eredu baten alde egin behar dugu lan". "Inork ez dezan bere burua kalean lo egitera behartuta ikusi, ezinbestekoa da gizarte-eredu kapitalista gainditzea", esan zuen.
"Langileoi dagokigu instituzioekiko zein horien kontrolagatik lehian dauden alderdi politikoekiko modu independentean antolatzea", nabarmendu zuten Etxebizitza Sindikatuko kideek. Salatu zuten "ez ezkerrak eta ez eskuinak ezin dutela proposamen errealik egin", esaterako, pertsona etxegabeen auziari aurre egiteko. "Arazo horren aurka" ere "miseriaren kudeaketa hutsa" eta "kudeaketa horren goraipanea" besterik ezin dituztela eskaini oroitarazi zuten; eta, beraz, "langileok antolatzea eta egunerokotasunean lan egitea besterik" ez dagoela.