AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/09 20:48

Ugariak dira Espainiako Estatuan Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) baino ikasle gehiago edo hark bezainbeste dituzten unibertsitate publikoak: Urrutiko Hezkuntzarako Espainiako Unibertsitatea (UNED), Madrilgo Complutense Unibertsitatea (UCM), Sevillako Unibertsitatea (US), Valentziako Unibertsitatea (UV), Granadako Unibertsitatea (UGR), Bartzelonako Unibertsitatea (UB) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa (UAB), hurrenez hurren. Hala ere, unibertsitate horietako bakar batek ere ez du EHUk baino gastu handiagoa egiten segurtasun enpresetan ikasle bakoitzeko.

Matrikulatutako ikasle kopuruak eta segurtasun gastuen inguruko datuak gurutzatu ditugu, 2022. edo 2021. urteko zifretara jota eta eskuragarritasunaren arabera. EHUn 44.791 ikasle zeuden matrikulatuta 2021ean, eta GEDAR LANGILE KAZETAk duela gutxi argitaratu moduan, 3.671.449 euroko aurrekontua izan zuen unibertsitateak segurtasun arlorako. Beraz, EHUren urte hartako segurtasun gastua ikasleko 81,96 eurokoa izan zela ondorioztatu daiteke.

Beste unibertsitateekiko aldea

Espainiako Estatuko gainontzeko sei unibertsitate publiko jendetsuenetan EHUn baino segurtasun ratio ekonomiko apalagoak aurki daitezke: UCMk, 70.000 bat ikaslerekin, 1.449.268 euro bideratu zituen segurtasun zerbitzura (29,7 euro ikasleko); UABek, 40.000 ikasle ingururekin, 1.620.495 euroko segurtasun gastua izan zuen (40,50 euro); USk, 69.800 ikasle izanda, 5.500.453 eurokoa (78,90 euro ikasleko); URJCk, 38.394 ikaslerekin, 2.684.991 eurokoa (68,93 euro ikasleko); eta azkenik, UBk, 62.089 ikaslerekin, 3.147.000 eurokoa (50,68 euro ikasleko). Are gehiago: termino absolutuetan ere ikus daitekeenez, EHUk segurtasun aurrekontu handiagoa du berak baino ikasle gehiago dituzten zenbait unibertsitatek baino, UCM eta UB kasu.

Granadako eta Valentziako unibertsitateak ere Espainiako Estatuko jendetsuenen artean daude, baina euren aurrekontuetan segurtasun arloko gastu zehatzak aitortzen ez dituztenez, ezinezkoa da aurreko eragiketak egitea. Bestalde, bitxikeria modura, Espainiako Estatuan ikasle gehien dituen UNED unibertsitate publikoa EHUren beste muturrean kokatzen da. 2022an, 1.426.180 euro gastatu zituen segurtasunean, 156.463 ikasle izanda. Ikasleko 9,11 euroko segurtasun gastu hori guztiz ezohikoa da, baina baita logikoa ere, hango ikasle ugarik ez baitute modu presentzialean ikasten.

Aurrekontu orokorraren barruan

Segurtasun enpresetan egindako gastuak aurrekontu orokorraren barruan hartzen duen zatia aztertuz gero, EHUk 2022. urteko diru-partida osoaren (460.649.759 euro) %0,79 bideratu zuen segurtasunera. Indize honetan, zertxobait apalagoa da EHUren posizioa beste unibertsitateekin alderatuta, eta horrek badu zerikusirik EHUren aurrekontuaren tamainarekin: berea izan zen 2022an Espainiako Estatuko unibertsitate publikoen artean bigarren aurrekonturik handiena. Beraz, posible da faktore horrek ikasleko segurtasun gastuaren indizean ikusitako aldea zertxobait estaltzea. Hala ere, EHU ez da sailkapenean atzean geratzen, ezta gutxiagorik ere: 263.032.594 euroko aurrekontu orokorraren %1,02 segurtasunera bideratuta, URJC da lehena, 551.112.201 euroko aurrekontudun US bigarrena (%0,99) eta, aipatutako zifrekin, aurrekontu orokorraren araberako segurtasun gastuan hirugarren postuan legoke EHU.

352.300.000 euroko aurrekontuarekin UCMk (%0,43) eta 443.650.000 eurokoarekin UBk (%0,70), estatu mailako hiriburu nagusietako unibertsitate erraldoi horiek, aurrekontu orokorraren gaineko segurtasun gastuan ere, atzetik jarraitzen diote EHUri, berak baino milaka ikasle gehiagorekin. Bosgarren eta seigarren postuetan UAB (%0,46) eta UNED (%0,53) daude, hurrenez hurren.

EZ DAGO IRUZKINIK