AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Michael Varaklas
2024/02/09 08:44

Grezian, milaka eta milaka ikasle atera dira kalera azken asteetan, unibertsitatearen pribatizazioa indartuko duen lege-proiektu bat iragarri baitu Kyriakos Mitsotakis buru duen gobernu kontserbadoreak. Grezian unibertsitate pribatuak legeztatu eta ahalbidetuko dituen neurri bat eramango du parlamentura gobernuak, hilabete honetan bertan. Itxura denez, Greziatik kanpoko unibertsitate pribatuen "adar" modura jardungo dute unibertsitate berri horiek. Aitzakia argi bat erabili du gobernuak neurria proposatzeko: "aditu-ihesa" ekiditea eta atzerriko ikasleak erakartzea.

Borrokan ari den ikasle mugimenduak seinalatu du, ordea, unibertsitate-sare publikoa debaluatu eta ahulduko duela erreforma horrek; eta, finean, geruzarik pobreenek eta zaurgarrienek unibertsitaterako duten sarbidea gero eta gehiago mugatzea ekarriko duela. Beraz, nagusiki, unibertsitatearen pribatizazio-prozesua salatzen ari dira kaleetan, seinalatuta erreformak zuzenean kanporatuko dituela unibertsitate-sistematik hura ordaindu ezingo dutenak.

Orain arte, Greziako Gobernuak ordaindu ditu herrialdeko unibertsitate guztiak, finantziazio publikoaren bidez. Hortaz, hamarkada luzez, ez da ordainpekoa izan unibertsitatean ikasketak egitea. Dagoeneko badira martxan goi-mailako ikasketetako hainbat instituzio pribatu Grezian, baina, oraingoz, eskaintzen dituzten titulazioak ez daude homologatuta. Hori guztia aldatu egingo litzateke lege-proiektu berriarekin: antza, hilaren 20an aurkeztuko dute parlamentuan, eta hilabete amaieran bozkatuko dute.

Greziako Konstituzioak, berez, debekatu egiten du unibertsitate pribatuak sortzea. Baimentzen du, baina, "atzerriko instituzio pribatuen sukurtsalak ezartzea", eta badirudi horri eutsiko diola gobernuak.

Ehunka fakultate hartuta, eta mobilizazio erraldoiak

Ikasle andana batu da erreformaren kontrako greba eta mobilizazio deialdietara azken asteetan, eta irudi indartsuak ikusten ari gara. Greziako 250 fakultate ere hartu dituzte gazteek, protesta gisa, eta asteak daramatzate horietan. Urtea hasi zenetik, bost egunetan egin dute greba; azkenekoz, atzo bertan. Hainbat hedabidek baieztatu dutenez, orain arteko mobilizaziorik jendetsuenak izan ziren atzokoak: Atenasen soilik, 25.000 ikasle zenbatu dituzte zenbait iturrik. Salonikan (Grezia iparraldea) eta Patrasen (hegoaldea) ere manifestazio handiak izan ziren.

Poliziak hainbatetan jo du jada ikasleen kontra. Joan den igandean, Komotiniko Zuzenbide fakultatera bertaratu ziren polizia-indarrak, ikasleek hartuta baitaukate. Zentrora sartu eta hamabi ikasle atxilotu zituzten. Aurreko ostegunean, berriz, parlamentu inguruan protestan ari ziren ikasleen kontra oldartu zen Polizia: negarra eragiteko gasa erabili zuten euren aurka polizia-agenteek, eta atxilotuak izan ziren.

EZ DAGO IRUZKINIK