Atzo, apirilak 26, Ikasle Abertzaleakek sei exigentzia
plazaratu zituen hezkuntza ertainari eta lanbide heziketako zentroei
lotuta. Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu!
dinamikari jarraiki, hainbat eskualdetan ikastetxeetako zuzendaritzei
eskakizunak luzatu dizkiete egunotan. Orain, horiek guztiak nolabait biltzeko eta "ikuspegi orokorra" emateko aurkeztu dituzte sei eskakizun bateratuak.
IAko taldeek eta ikasle autodefentsa sareek, "hezkuntzaren gaineko langile kontrola" helburu ikasle langileen defentsa antolatzeari ekin diote tokian tokiko heziguneetan. Hainbat dinamika jarri dituzte martxan, hala nola, inkestak edota testigantza nahiz sinadura bilketak. Jasotako informazioari esker tokian tokiko aldarri zehatzak osatu ostean, bide horretan "pauso bat gehiago" emateko hautua egin du IAk bigarren hezkuntzarako, batxilergorako eta lanbide heziketarako aldarrikapenekin, dimentsio nazionala dutenak.
ALDARRIKAPENAK
1) Ikas-maila bakoitzeko ikasgai bakoitzean, datorren ikasturterako edo selektibitaterako ezinbestekoa den edukia soilik lantzea. Horretarako, gutxieneko gaitegia zehaztea eta ezartzea.
2) Ebaluazio irizpideak lausotzea eta gainditzeko erraztasun osoak ematea. Horrez gain, hirugarren ebaluazioa prestakuntza-ebaluazio jarraitu modura ezartzea. Hau da, lehen bi ebaluazioetan eskuratutako lorpenak ebaluatzea, eta horiei modu gehigarrian eta positiboan soilik gehitzea hirugarrenean erdietsitakoak.
3) Ikasleen opor eskubidea eta oporren berezko iraupena errespetatuak izatea. Horretarako, hori bermatuko duten beharrezko aldaketak egitea selektibitatearen eta datorren ikasturtearen hasieraren datetan.
4) Ikasgeletara itzultzeko aukera deuseztatzea.
5) Lanbide Heziketan, "LZP (Lan Zentroetako Prestakuntza) + erronka-proiektua", bertan behera geratzea. Praktikak egin ezin dituztenei praktikak konbalidatzea eta ikasturte honetan tituloa jasotzeko baldintzak eskaintzea. Bestalde, kurtso honetan praktikak egin gabe geratu diren ikasleei datorren ikasturtearen hasieran praktikak modu boluntarioan egiteko aukera uztea.
6) Ikasturtea amaitzeko planen garapenean ikasle antolakundeen ordezkaritza bermatzea.
BORROKA LOKALAK
IAk Twitter bidezko hari batean bildu ditu Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu! dinamikari erantzunez tokian toki ikasleek egindako exijentziak. Bertan azaltzen denez, honako udalerri eta eskualdeetan piztu dituzte ekimenak:
Bizkaia
Lea-Artibai: Ondarroan eta Lekeition antolatu dira ikasleak. Lehenengoek eskaera jakin batzuk egin dizkiote ikastetxeko zuzendaritzari. Lekeition, berriz, testigantzak bildu dituzte inkesta bidez. Bigarren fasearekin hasteko batzar irekia deitu dute gaurko, 17:00etan.
Busturialdea: Busturialdean ere bizi duten egoera salatu eta testigantzen bilketari ekin zioten. Horietako batzuk argitaratu dituzte azken egunetan.
Hego Uribe: Testigantza bilketa egiten ari dira. Dagoeneko 120 ikaslek baino gehiagok erantzun dutela jakinarazi dute haien sare sozialen bitartez.
Nafarroa
Iruñerria: Iruñerriko Ikasle Autodefentsa Sareak azaldu duenez, duela aste batzuk bildutako testigantzak eta identifikatutako beharrak oinarri hartuta, hainbat neurri aldarrikatu dituzte.
Lizarraldea: Galdetegi bidez ikasleen egoera aztertu ostean neurri zehatz batzuk eskatu dituzte, baita BHIko eta Ikastolako zuzendaritzei helarazi ere.
Sakana: Lizarraldeko prozedura berdinari jarraiki, hiru neurri ezartzea exijitu dute Sakanako ikastetxeetan.
Leitza: Nafarroako iparraldeko eskualdea ere une honetan aurrekoen egoera berean dago. Ikasleek bi aldarrikapen zehatz mahaigaineratu berri dituzte.
Gipuzkoa
Tolosaldea: Duela bi aste argitaratu zituen Tolosaldeako Autodefentsa Sareak bere aldarrikapenak. Sare sozialen bidez jakinarazi zutenez, jada zuzendaritzei eta koordinatzaileei eskaerak egin dizkiete. Irakasleei ere mezuak bidali dizkiete, bakoitzari eskatzen zaiona jakinarazteko.
Urola: Aurkeztu berri den Azpeitiko Ikasle Autodefentsa Sareak ikasleen egoeraren berri izateko galdetegia zabaldu du, eta informazioa biltzen ari da une honetan.
Goierri: IAren, Goierriko Ikasle Autodefentsa Sarearen eta Txindoki Morearen artean egindako analisien bitartez, Txindokiko zuzendaritzari hainbat eskaera helarazi dizkiote aste honetan bertan.
Debagoiena: Debagoienan ere, galdetegietako erantzutank aztertuta, ,bi aldarrikapen egin dizkiete eskualdeko hiru hezigunetako zuzendaritzei eta arduradunei.
Buruntzaldea: Hernanin "ikasleek lanean jarraitu ahal izateko bete beharko liratekeen baldintzak" jaso dituzte eta borrokaldia martxan jarri dute.