AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Igor Gonzalez Sola preso politikoa
2020/09/04 22:15

Espetxe Instituzioetako iturriek jakinarazi dutenez, gaur goizean aurkitu dute hilotz Gonzalez bere ziegan. Euskal preso politikoa berriki lekualdatu zuten Martuteneko espetxera (Gipuzkoa); aurrez, Madrilgo, Granadako, Badajozko eta Soriako kartzeletan ere egona zen gatibu 47 urteko bilbotarra. 20 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2005ean, eta dagoeneko beteak zituen zigorraren hiru laurdenak. Berria egunkariaren arabera, presoaren senideek ez dute arratsaldera arte gertatutakoaren berririk izan. Hain zuzen ere, 19:30ean eman diete Gonzalezen heriotzaren berri.


Atxiloketa, inkomunikazioa eta tortura


2005ean atxilotu zuten Gonzalez Donostian (Gipuzkoa), eta ETAri laguntzea egotzita, 20 urteko zigorra ezarri zioten. Atxiloaldian inkomunikatuta egon ondoren, torturak salatu zituen preso politikoak.


Kartzelan jazotako erailketek agerian utzi dute instituzioaren alderik gordinena. Pasa den uztailaren 17an, Zaballako espetxean (Araba) zendu zen 23 urteko preso bat, eta bi urte baino ez dira igaro Xabier Rey Urmeneta euskal preso politikoa Puerto II kartzelan (Cadiz) eraila izan zenetik.


GEDAR LANGILE KAZETAren ARTEKA hilabetekariak apirileko alean jaso zuen Espetxea politika hiltzailea erreportajea. Bertan ikus daitekeenez, Espainiako Estatuan, gainontzekoetan baino bost bider handiagoa da suizidio tasa kartzeletan; Frantziakoan, hamar aldiz handiagoa. Guztiarekin ere, espetxean, beste erailketa modu batzuek gain hartzen diete suizidioei: "gaixotasunek" eta "droga gaindosiek".